CAFek akordioa lortu zuen atzo Helsinkiko metroarekin, eta 2016ra bitartean hogei tren egingo ditu Finlandiako hiriburuko metrorako. HKL Helsinkiko metroko enpresak 140.409.017 euro (BEZa gehitu gabe) ordainduko dizkio CAFi.
HKLk eta CAFek urte amaieran espero dute erosketa kontratua sinatzea. Hitzartutako egutegiaren arabera, CAFek 2014. urte amaieran bidaliko du lehenengo trena probak egiteko, eta hogei trenak 2015etik 2016ra bitartean martxan izatea espero dute. 90 metro izango dituzte luzean trenek, eta barruan 576 bidaiari eramateko lekua dute. M200 serieko ereduaren antza izango dute Helsinkirako tren berriek; hasiera batean kabina bana izango badute ere, zirkulazioa kontrolatzeko sistema erabat automatizatzen denean kendu egingo dituzte, bidaiarientzat leku gehiago utziz.
Azken urteetan nazioarteko hainbat hiritako metroetarako trenak egin ditu CAFek, Madrilerako, Erromarako, Washingtonerako, Bartzelonarako eta Bruselarako, esaterako.
CAFeko trenak, Helsinkiko metrora
Euskal enpresak hogei tren salduko dizkio Finlandiako hiriburuko metroari, 140,5 milioi euroren truke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu