CajaSurrek 1.100 milioi euroren galera pilatu du

BBKren eskuetan dagoen Kordobako kutxak aurten irabaziak izango dituela ziurtatu du Mario Fernandezek

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
1.100 milioi euro. Horra hor Bilbao Bizkaia Kutxak (BBK) CajaSurren aurkitu duen zuloaren benetako tamaina. Zenbakia Mario Fernandez BBK-ko lehendakariak jakinarazi zuen atzo, Andaluziako Kutxa bereganatu zuenetik Kordoban egindako lehen agerraldi ofizialean.

Espainiako Bankuak maiatzean esku-hartu zuen CajaSurren, eta uztailean BBKren eskuetan uztea erabaki zuen, Bizkaiko kutxak enkantea irabazi ondoren. Ondoren, CajaSur BBK Bank bankuan integratu zen, eta harrezkero Kordobako kutxaren finantza egoerari buruzko zenbaki dantza egon da, zein baino zen txarragoa. Azaroan, esaterako, galerak 850 milioi eurorenak zirela plazaratu zen.

Fernandezek azaldu zuen zenbaki globalak ez duela negozioaren ibilbidea benetan islatzen. Izan ere, CajaSurrek zituen aktibo guztiak eguneratu ondoren atera den kopurua da. Adibide batekin azaldu zuen BBK-ko presidenteak egoera. «Demagun milioi bat euroren balioa onartuta zuen orube bat dugula, baina benetan 200.000 euro baino ez dituena balio. Balioa gaurkotu izan ez balitz, 800.000 euro horiek emaitzetan islatu beharko genituzke». CajaSurreko kontuak puztuta zeuden seinale.

Aktibo guztiak eguneratu ondoren, iraganeko arazoek kutxaren etorkizuna zamatu ez dezaten ahalegindu da BBK. Hala, aurtengo kontuetan balioa galdutako aktiboekin berriro arazoak ez izatea espero dute. Horren haritik, CajaSurrek 2011 urtean irabaziak izango dituela adierazi zuen Fernandezek, «ziurtasun osoz». 2013. urtetik aurrera, gutxienez 85 milioi euroren irabazia espero du urtero, eta 2014an eta 2015ean 90-100 milioi eurorena izatea.

BBKren eskutik, CajaSur hiru urtetan Andaluziako lehen kutxa izateko erronka duela ziurtatu zuen BBK-ko presidenteak.

Langileei mezua

Agerraldi publikoa egin baino lehen, Fernandezek bilera izan zuen CajaSurreko langileekin. Sindikatuetako ordezkariak ontzat jo zituzten BBK-ko presidentearen hitzak. Joan den astean, finantza erakundetik 688 langile kentzeko akordioa hitzartu zuten langileek eta zuzendaritzak. Horietatik 428 aurre erretiratuko dituzte, eta besteek kalte-ordainak eskuratuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.