Bergarako plantarako espedientea negoziatzeko azken bilera zen gaurkoa, baina Candyk negoziazio fasea luzatu du, hamar egunez. Hala adostu du langileen ordezkariekin gaur egindako bileran. Hurrengo bilera astelehenean izango da; Gipuzkoako Aldundiak ere parte hartuko du.
BERRIAk jakin duenez, Candy prest dago diru poltsa moduko bat eratzeko kalte-ordainetan ematea dagokionagatik. Asmoa da langileek diru hori hartu beharrean kapitalizatzea. Zertarako? Bergarako lantegira beste produktu baten ekoizpena erakartzeko. Gaur egun, goitik irekitzen diren garbigailuak egiten dituzte, baina izan daiteke beste produkturen bat.
Gipuzkoako Diputazioaren laguntza izango lukete langileek, Europan beharrezko kudeaketak egiteko prest baitago hura enpresaren bat erakarri ahal izateko. Adituen arabera, produktu baten ekoizpena Bergarara ekartzeak ez dirudi zaila. Inbertitzeko prest dagoen norbait aurkitzea izaten da konplexua, baina sortuko litzatekeen diru poltsak gauzak erraztuko lituzke. Produktu berriarekin hasi bitartean, Candyk ekoizpenarekin jarraituko luke, nahiz eta ez izan %100ean. Hala, saihestu egingo litzateke langileak bihar bertan langabeziara joateko arriskua. Urri amaieran jakinarazi zuen Candyk 150 langile kaleratzeko asmoa zuela.