Catak, Fagor Etxetresnen ekoizpen lerro guztiak bereganatu dituen taldeak, jakinarazi du lantegia enkantean jarriko duela, eta espero duela administratzaile konkurtsalak 2014a amaitu aurretik hura esleitzea —Cata markaren eta makineriaren jabe da; ez, ordea, lantegiarena—.
Bizkaiko Foru Aldundiak ohar bidez azaldu duenez, enkantearen "ziurtasunik ezak" eta ondorengo esleipenak ez dute bermatzen termo elektrikoen eta akumulatzaileen ekoizpena Basaurin mantenduko denik. Hala adierazi zieten atzo Catako ordezkariek aldundiko arduradunei. Diputazioaren arabera, Basauriko plantaren ekoizpen nagusia "bideragarria" dela uste dute taldeko buruek.
Edesarentzat dituen planak argitzeko eskatua zion diputazioak taldeari, orain arte ez baitzuen haren "berri". Langileak "oso arduratuta" agertu izan dira, ez dietelako argi utzi lanpostuei eutsiko dieten.