CCOO eta UGT soldata igoerak mugatzea negoziatzen ari dira

Konstituzioan defizita mugatzeko erreforma eta lan kontratuen ereduen aldaketak aurkeztuko dituzte gaur

jakes goikoetxea
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Europako Banku Zentralak (EBZ) gomendatu, Zapaterok aintzat hartu eta UGTk eta CCOOk men egin. EBZk, Espainiaren zor publikoa erostearen truke, hainbat neurri hartzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari, tartean soldaten igoerak mugatzea. Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuko presidenteak aintzat hartu zituen, eta sindikatuei eta patronalei 2013 eta 2014 urteetarako soldata igoerak mugatzea hitzartzeko eskatu zien. Aurtengoak eta 2012koak hitzartuta dituzte, %1-2eta %1,5-2,5 hurrenez hurren. Eskaera jaso eta CCOO, UGT eta CEOE negoziatzen hasi dira, eta hainbat bilera egingo dituzte irailaren hasieran.

Sindikatuek zenbait baldintza jarri dituzte akordioa lortu ahal izateko, tartean aurten oraindik berritu gabe dauden hitzarmen kolektiboak berritzea.

UGTk eta CCOOk Espainiako Gobernuari men egin diote soldatak mugatzeko orduan, baina defizita Konstituzioan mugatzearen eta gaur onartuko diren lan kontratuen aldaketen kontra daude. Mobilizazioak egiteko prest daude, Konstituzioaren aldaketari buruzko herri galdeketa egiten ez bada.

Defizita Konstituzioan mugatzeko proposamenak aldaketak izan ditu, PSOEren barruan sortutako desadostasunengatik. Hainbat agintari sozialista defizitaren muga Konstituzioan zehaztearen kontra daude, eta malgutasuna eskatu dute, hazkunde gutxiko urteetan edo salbuespen egoeretan zorpetu ahal izateko. Eta orain sozialistek ez dute zenbaki zehatzik ezarri nahi Konstituzioan. Muga zehatzak lege organikoen bidez onartu nahi dituzte.

Lerro hauek idazteko orduan PSOEk eta PPk oraindik ez zuten akordiorik lortu. Presaka negoziatzen ari dira, gaur amaitzen baita epea lege proposamena aurkeztu eta premiazko prozedura baten bitartez datorren astean Kongresuan bideratzeko.

Gaspar Llamazares IUko diputatuak diputatu sozialistei eskatu die erreformaren kontra bozka dezatela, «merkatuen interesa babesten duelako, ez herritarrena». Diputatu sozialista batzuek esan dute erreformaren kontra bozka dezaketela.

Ez PSOEk, ez PPk, ez dute herri galdeketarik nahi erreformari buruz. Argigarriak dira bi alderdietako ordezkari garrantzitsuen iritziak herri galdeketaren kontra:Juan Fernando Lopez Aguilar Europako legebiltzarkide sozialistaren iritziz, arazoak sortzen ditu konpondu baino gehiago; Soraya Saenz de Santamaria PPren bozeramailearen arabera, berriz, erreforma «oso teknikoa» da herri galdeketa batera deitzeko.

Aldi bateko kontratu gehiago

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak hainbat neurri onartuko ditu gaur, kontratazioa bultzatzeko asmoz. Neurri horien artean dago bi urtean aldi baterako kontratuak kateatzeko mugak kentzea, hau da, enpresa batean 30 hilabeteko epean bi urtean aldi baterako kontratuak izan dituztenei ez zaiela kontratu mugagabea egin beharko. Neurri hori 2006an onartu zuten, kontratazio mugagabea bultzatzeko, baina praktikan enpresa askok ez diete kontratua berritzen kontratu mugagabea egin behar dioten langileari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.