Asteon onartu ditu Nafarroako Gobernuak 2017ko aurrekontu aurreproiektua eta bertan ez dago UGT eta CCOOentzat hitzarmen berezirik. ELAk eta LABek aspaldidanik salatu dute hitzarmonek sindikatuok gehi CEN patronala finantzatzeko erabili direla. Imanol Carrera Nafar Lansareko LABeko kideak lorpen hori nabarmendu du eta LABen partaidetzari egotzi dio hein batean.
Dena den, Carrerak jakinarazi du CEN patronalarekin 800.000 euroko hitzarmen bat dagoela eta guztiz aurka azaldu da.
Era berean, iaz LABek salatu zuen Nafar Lansarek finantzatutako ikastaroetan praktiketako langileak erabili zirela garbikuntzako enpresetan egiturazko lanpostuak betetzeko sektoreko hitzarmena urratuz. Carreraren arabera, Nafar Lansare premiatu zuten hori kentzera: "Aitor dezakegu hori egin duela".
Gainera industria arloan emakumeen, etorkinen eta CCOO zein UGTko kide ez direnen aurka egiten den bazterketarekin amaitzeko urratsak eman direla nabarmendu du. Volkswagen multinazionalak gutxieneko akordio bat lortu da kontratazio prozesua publikoa eta EBko zuzentarauen araberakoa izan dadin eta batzorde batek ikuskatu ahal dezan. 2020rako enplegu planean LABek proposatu du kontratazio sistema baztertzaileekin amaitzea eta Nafar Lansarek hori bermatzea.
Sistema publikoaren alde
Printzipioz Nafar Lansareko kontseluan 2017ko abendura arte egongo da LAB eta orduan baloratuko du jarraitu edo ez. Helburu gisa jarri dute langile zein langabeentzako ikastaroen erdia baino gehiago publikoa izatea. Igor Arroyo LABeko Nafarroako koordinatzailearen arabera, urratsak eman dira norabide horretan baina ez dira nahikoak: iaz %23koa izan zen eskaintza publikoa, %27koa aurten eta 2017ko aurrekontuetan handiagoa izango dela uste du, nahiz eta oraindik ez duen portzentaje zehatza.
Arroyoren arabera, behin CCOO, UGT eta CENek zuten monopolioa suntsituta, helburu gisa jarriko dute lehia aske bidezko ikastaroak murriztea eta sistema publikoa bultzatzea. "Ezinbestekoa" ikusten du Imanol Carrerak Nafar Lansarek batzorde berezi bat osatzea eta gestio publikoaren aukerak aztertzea. Batzorde horretan, eragile gehiagori ateak irekitzea eskatu du ere. Carrerari deigarria egin zaion CEN elkarteak "jarrera bortitza" erakutsi duela sistema publikoa bultzatzeko aukeraren aurka.
Arroyok aipatu du azken hilabeteetan bere ekarpenak egin dituela LABek Nafar Lansaren eta aintzat hartu direla. Batetik, CCOO-UGT eta CENen laguntzen banaketa ahalbidetzen zuen batzorde iraunkorra kendu da. Batzorde iraunkor horretan zeuden hiru erakundeok eta, Arroyoren arabera, "esku batekin dirua banatu eta bestearekin dirua hartzen zuten". Bestetik, sistema publikoa bultzatzea hartu du ardatz gisa erakundeak eta bertako zerbitzuan sartu da lanbide heziketako zuzendaria.