ekonomia

CCOO eta UGTk greba orokorrera deitu nahi dute azaroaren 14rako

Europako Sindikatuen Konfederazioak protestak deitu ditu egun horretarako, eta beste herrialde batzuetan ere lanuzteak prestatzen ari dira

Berria.info
2012ko urriaren 17a
20:38
Entzun

CCOO, UGT eta Espainiako Gizarte Gailurra osatzen duten beste 150 gizarte erakundek azaroaren 14rako —asteazkena— greba orokorrera deitzeko asmoa dute, gaur arratsaldean jakin denez, Mariano Raxoiren gobernuaren murrizketen kontra egiteko. Europako Sindikatuen Konfederazioak (CES) egun horretarako protestak deitzea erabaki du gaur egin duen bileran. Espainia ez ezik, beste herrialde batzuetan ere greba orokorrak antolatzea aztertzen ari dira. Honezkero Portugalek deialdia egin du, eta litekeena da Greziak ere bat egitea. Italia, Malta eta Zipren sindikatuak aukera aztertzen ari dira.

Joan den irailaren 15ean Madrilen dozenaka milaka lagun bildu ziren Gizarte Gailurrak deitutako manifestazioan. Gobernuari eskatzeko murrizketak bertan behera uzteko eskatu zioten, eta herri galdeketa bat egiteko murrizketei eta erreskateari buruz. Hego Euskal Herriko CCOO eta UGTko bost mila lagun inguruk parte hartu zuten mobilizazioetan. PSOE eta IUk, protesta babestu, eta ordezkariak bidali zituzten.  

Gizarte Gailurra uztailaren 25ean sortu zuten, eta 150 gizarte erakundek osatzen dute; tartean, CCOO eta UGT sindikatuek. 

CGTP Portugalgo sindikatu nagusiak (komunista) hilaren hasieran deitu zuen azaroaren 14rako lanuzte orokorrera,  gobernuaren azken murrizketei erantzuteko.

Hego Euskal Herrian azken greba orokor deialdia irailaren 26an izan zen, ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek eta hainbat gizarte eragilek deituta. Murrizketen aurkakoa izan zen hura ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.