LAN ISTRIPUA

CCOOk duela bi hilabete salatu zituen atzo langile bat hil zen tokiko obrak

Bilboko Bilduk erakunde arteko aitorpena adostea proposatu du, lan istripuen kopurua salatzeko. Bihar 12:00etarako elkarretaratzea antolatu dute hainbat sindikatuk, eta Bilduko zinegotziak ere han izango dira.

2011ko abuztuaren 18a
16:20
Entzun

CCOO sindikatuak fiskaltzaren aurrean salatu zituen atzo 45 urteko langile bat hil zen tokiko obrak. CCOOk jakinarazi du Bilboko Deustua auzoko obra horien "lan baldintza penagarriez, gehiegizko lan-orduez eta konbenioko baldintzen urraketez" ohartarazi zutela fiskaltza.

Gainera, "Bizkaiko enpresa txarrenaren saria" eman ziotela ere gogorarazi dute. 

ELA, LAB, EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea antolatu dute 12:00etarako, istripua gertatu zen leku berean. Lan istripuaz gain, prekarietatea ere salatuko dute; era berean, kasua iker dadila eskatzen dute.

Bildu ere lan istripuen aurka

Bildu koalizioak ere lan istripuen aurka egin nahi du, eta "jarrera tinkoa" hartzeko asmoz, talde guztien artean erakunde mailako aitorpena adostu nahi dute, lan istripuen aurka.

Bilduren Bilboko Udal Taldeko bozeramaileak azaldu du batzordea eskatu dutela, "lan istripu larria aztertzeko". Aurten 36 langile hil direla ekarri du gogora.

Bilduren ustez, argi dago segurtasun neurriak ez betetzearen eta eraikuntzan dauden lan erritmo intentsiboen ondorioz suertatzen direla lan istripuak.

Bilduren zinegotziek ere bat egingo dute bihar, elkarretaratzearekin atzo gertatutako lan istripua salatzeko.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.