lan erreforma

CCOOk eta UGTk elkarrekin deituko dute martxoaren 29an greba orokorra egitera

Bi sindikatuek aho batez hartu dute Espainiako Estatuan greba deialdia egitearen aldeko erabakia.

2012ko martxoaren 9a
19:13
Entzun

CCOO eta UGT sindikatuek elkarrekin deituko dute martxoaren 29an greba orokorra egitera Espainiako Estatuan, Efe berri agentziak jakinarazi duenez. 

Espainiako Gobernuaren lan erreformaren aurka egiteko asmoz, ELA, LAB, EILAS, EHNE eta ESK sindikatuek ere egun bererako greba orokorra iragarria dute Hego Euskal Herrirako. Hiruk eta LSBk atxikimendua agertu zioten deialdi horri. 

Euskal Herriko CNT sindikatuak ere hilaren 29an greba orokorra egiteko deialdia egin du. Sindikatuak esan zuen ez dela ona euskal sindikatuak batetik aritzea eta Espainiakoak bestetik, "langileen interesekin ez duelako zerikusirik horrek".

Bi sindikatuek kaleratutako ohar batean salatu dute inoiz ez duela gobernu batek "horren denbora gutxian horrenbeste egin gizarte arkitektura eta lan arloko arkitektura amaitzeko".

Oharrean nabarmendu dute PPk, PSOEren politikak zuzentzetik urrun, "horien gainean tematzea eta sakontzea" erabaki duela. Bi sindikatuen arabera, politika horietan sakontzea "ekintza suizida" da.

Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez idazkari nagusiek agerraldia egin dute, deialdiaren xehetasun guztiak azaltzeko. Biak bat etorri dira greba orokor deialdia Espainiako Gobernuak eragin duela. Sindikatuekin kontsultatu gabe lan erreforma onartzea leporatu diote.

"Erabaki zaila da, baina akatsik gabea ikuspegi demokratiko eta konstituzionaletik", esan du Mendez UGTko idazkari nagusiak greba deialdiaren inguruan.

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak greba deialdiaren inguruan gogoeta egiteko eskatu die sindikatuei, "denontzako zailtasun larriak dauden garaian". Horrekin batera, Santamariak esan du lan erreformaren inguruan sindikatuekin eta talde parlamentarioekin hitz egiteko asmoa duela.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.