Elkarrizketa sozialerako mahaia osatu eta urtebetera, lehen pitzadurak sortzen hasi dira: CCOOk, UGTk, Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzak osatzen duten foroa uzteko prest agertu da CCOOko idazkari nagusi Unai Sordo. Iragarri du "egiazko" eztabaidarik ezean, amaitutzat emango duela elkarrizketa sozialerako mahaiaren aroa. "Letra larrizko eztabaidak" nahi ditu Sordok, eta "estrategikoki" esku har dezala exijitu dio Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri.
CCOOko ordezkariak, halaber, berebiziko kezka agertu du enplegu politiketan eta ekonomia aktibatzeko neurrietan sindikatuek duten tokiaz. Horien rola ahalik eta bizkorren argitzea galdegin dio Jaurlaritzari. "Eusko Jaurlaritzaren negoziatzeko prestutasunaren arabera erabakiko dugu elkarrizketa sozialerako mahaia erabilgarria den edo ez", ohartarazi du Sordok, eta gaineratu: "Sindikatuen proposamen estrategikoez gobernuak pentsatzen duena jakin nahi dugu".
Confebasken proposamenaz, kritiko
Egungo ereduarekin bat ez datorrela nabarmendu du CCOOko idazkari nagusiak, eta orain arte bezala jarraitzekotan, mahai soziala lagatzea beste biderik ez dutela izango jakinarazi du. Baldintza bakarra jarri du Sordok: korapilatutako negoziazio kolektiboa "desblokeatzea". Confebaskek, hain justu, lan harremanetarako eredu berria proposatu zien astelehenean CCOO eta UGT sindikatuei eztabaida sozialerako mahaian —langileen ordezkaritzaren gehiengo handi bat duten bi sindikatuek, ELAk eta LABek, ez dute parte hartzen mahai horretan—.
Soldatak enpresen emaitzei lotzea proposatu die patronalak: "malgutasuna eta konpromisoa" nahi du enpresarien zein beharginen aldetik. "Lan baldintzak enpresak sortutako balio erantsiaren, produktibitatearen eta lehiakortasunaren araberakoak izan behar dira", zehaztu du Confebaskek. Txostenak, baina, ez ditu sindikatuen eskariak gogobete, eta kritiko mintzatu dira. Sordok, besteak beste, txarretsi egin du patronalaren proposamen hori, eta gogora ekarri du ez dagoela ados. "Ez du balio eztabaida sakon baterako oinarri gisa".