Betaurrekoak, lepo luzeko jertseak eta ile zuria. Baina, itxuratik haratago, mintzo irmoagatik geratu da gogoan iltzaturik Marcelino Camacho (Osma-La rasa, Espainia, 1918). Pertsona funtsezkoa frankismoaren azken garaiak eta trantsizioaren lehen urteak ulertzeko. Atzo zendu zen, Madrilgo ospitale batean. 92 urte zituen.
Garai bateko sindikalismoaren irudia da Camachorena. Urte luzez, CCOO sindikatuko lider karismatikoa izan zen. Erakundea legeztatua izan eta gero, idazkari nagusia ere izan zen, 1977. eta 1987. urteen artean. Patrikan gordeta zeukan beti bere jabegorik preziatuena: sindikatuko lehen afiliatua zela zioen txartela.
Trenbideko langile baten semea zen. Aitak UGTkoa zuen, baina Camacho Espainiako Alderdi Komunistan afiliatu zen, 17 urterekin. Espainiako gerran Errepublikaren alde borrokatu zen, eta porrota iristean, urte batzuk kartzelan igaro behar izan zituen. Erbestean ere egon zen, Marokon eta Aljerian
1957an Espainiara bueltatu zen, eta lan sindikalari ekin zion. Diktadurak kartzelera bidali zuen berriro, eta hogei urteko zigorra ezarri zioten, 1001 prozesu ezagunean, baina azkenean seira murriztu zioten. 1975ean utzi zuen Carabanchelgo espetxea, eta 1977an ikusi zituen, azkenik, CCOO eta PCE legeztatuta. 1979ko hauteskundeetan, gainera, alderdi komunistako diputatu aukeratu zuten. 1987tik 1996ra CCOOko presidente izan zen. I. SANTAMARIA
CCOOko lehen afiliatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu