Erabatekoa zirudien batasunaren lehen pitzadurak azaleratzen hasi dira aste honetan CCOO eta UGTren artean, eta ageri-agerian geratzen ari dira egunetik egunera. Mercedes-Benzen Gasteizko plantaren langile batzordeko buruaren kaleratzeak bi sindikatuen arteko hartu-emanak ozpindu zituen, eta kinka larrian utzi zuen aspaldi sortutako aliantza. Suak, oro har, piztuta jarraitzen du oraindik, eta ez du berehalakoan itzaliko denaren zantzurik. Polemika artean ekin baitiote gaurko kongresuari: UGTko industria federazioko ordezkariak aulkitik altxatu, eta aretotik irten dira Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak hitza hartu bezain pronto.
Keinu huts bat izan zitekeen, baina ez: bi sindikatuen arteko harreman gaiztotuen erakusle da, liskarraren txinpartak bizi-bizi dauden seinale. UGT idazkari nagusi Raul Arzak aurreratu du, besteak beste, CCOOrekiko harremanak izango dituztela hizpide egunotako batzarretan, eta zuzendaritza berriaren "aurreneko egitekoa", hain justu, hori izango dela: aliantzari eustea edo ez deliberatzea.
Erronka: afiliatuak lortzea
CCOO, ELA, LAB, ESK sindikatuek bat egin, eta Gasteizko Mercedes-Benzen plantako langile batzordeko presidentea kaleratzea erabaki dute asteon, "enpresaren interesen alde" ari zela argudiatuta. Arzak "iraintzat" jo du Iñaki Andresen kargugabetzea, eta "minduta" agertu da, "CCOOk erabilitako argudioengatik": atzera egiteko eskatu dio Unai Sordori. Polemikak polemika, CCOOk ez du jarrera aldatzeko borondaterik erakutsi oraingoz; sindikatuko buruak garrantzia kendu dio erabakiari, eta soilik lantegi horretara mugatzen dela argitu du.
Borrokan batuta lelopean, UGTk gaur-biharretan egingo du hamabigarren kongresua, Portugaleteko Nautikako eta Itsasontzi Makinetako Goi Eskolan, Bizkaian. Orotara, 203 afiliatuk hartuko dute parte, eta Raul Arza aurkeztuko da berriro idazkari nagusi kargurako. Sindikatuaren batasuna aldarrikatzea eta aurrera begira atxikimendu gehiago lortzea dute erronka nagusi.