%1,8ko hazkundea 2015erako eta 4.000 lanposturen sorrera. 2015erako aurreikuspen horiek egin zituen Iñaki Garcinuño Cebekeko presidenteak urtarrilean. Lau hilabete eskas pasatu dira ordutik. Gaur goizean zenbaki guztiz ezberdinekin atera da komunikabideen aurreko agerraldira. Baikorrago ikusten du egoera: Bizkaiko ekonomia %2,6 haziko dela dio orain, eta lehen iragarri halako bi enplegu sortuko direla. 8.000.
Baikortasun hori, ordea, “moderatua” dela azaldu du Garcinuñok, hazkundea “desorekatua” ari delako izaten, “guztiz zerbitzuen sektoreari lotutakoa”. Ezinbestekotzat jo du industriak barne produktu gordinean zuen pisua berreskuratzea, bestela ez delako erabateko susperraldirik izango. Enpleguaren kalitatea hobetuko den itxaropenik ere ez du eman patronalak. “Nahiago genuke guk ere enplegu egonkorra sortzea, gure irabaziak ere egonkorrak balira, ez prekarioak, egingo genuke, sinetsidazue”.
CCOOk, UGTk , CEOEk eta Cepymek Espainian erdietsitako akordioaz aritu da Francisco Javier Azpiazu idazkari nagusia. “Inbidia sanoarekin” begiratzen diola aitortu du, hain zuzen, soldatei buruz ez ezik enpresen lehiakortasuna hobetzeko neurriei buruz ere hitz egiten duelako. Azaldu du hainbat negoziazio mahaitan proposatu duela Bizkaiko patronalak %1eko soldata igoera. “Baina lehiakortasunari buruz hitz egiteko ezetzaren eraginez, ezin dugu soldata igoeraz hitz egin. Hori da euskal negozioazio kolektiboaren tragedia handia”. Argi utzi du: “Inork ez dezala pentsatu soldatei buruz bakarrik hitz egiteko eseriko garenik”.
Aurten sinatutako lan hitzarmenetan, batez beste, %0,85ko soldata igoera hitzartu da Bizkaian, eta 1.705 orduko lanaldia. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aplikatzen diren Espainiako hitzarmenetan igoera %0,58koa izan da eta lanaldia 1.755ekoa.
Patronalaren datuen arabera, Bizkaiko enpresen erdiak ekoizpen gaitasunaren %80aren azpitik ari dira oraindik. %30ek erantzun dute salmentetan hobekuntza argia igarri dutela, eta %45ek espero adinakoa. %72k soldatei eutsi diete eta %23k igo. Bihar egingo du urteko batzar nagusia Cebekek, eta enpresen lehiakortasuna nola hobetu aztertuko du.