Cegasak kaleratze kolektiboa Lan Agintaritzaren eskuetan utziko du

Eskaera ez onartzeak taldeko 1.300 langileen geroa arriskuan jarriko lukeela ohartarazi dio Eusko Jaurlaritzari

Ivan Santamaria.
2009ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Cegasak kontsulta epea bukatutzat jo du, eta 240 langileren kaleratze kolektiboaren inguruko erabakia Lan Agintaritzaren eskuetan utzi du. Batzordeko bi sindikatuei, ELAri eta CCOOri, beharginak «manipulatzea eta engainatzea» egotzi die, eta taldeko 1.300 langileen etorkizuna arriskuan jartzea egotzi die.

Asteazkenean erregulazioaren inguruko proposamena plazaratu zuen enpresak. Kaleratzea 217 langilera mugatzeko eta lan egindako urte bakoitzeko 30 egun ordaintzeko prest azaldu zen, legeak agintzen dituen 20 egunen gainetik. Hori bai, 24 ordu zituzten sindikatuek baiezkoa edo ezezkoa emateko. Asteazkenean bertan batzordeak eskaintza errefusatu zuen, xantaia zela argudiatuta. Langileek atzo egindako batzarrak erabaki hori berretsi zuten.

Negoziazio epea agortuta, datorren asteko astelehen edo asteartean jakinarazpen ofiziala igorriko dio enpresak Lan Agintaritzari . Organo horrek bi aste izango ditu kaleratzea aztertu eta erabakia hartzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan agintaritza Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren eskumena da, eta, eskaerari ezetz esateak taldearen geroa kolokan jarriko lukeela ohartarazi dio Cegasak Eusko Jaurlaritzari.

«Sabotaje» salaketa

Bestalde, pilak ekoizteko lerroan «kalte larriak» eragin zituzten «sabotajeak» egin direla salatu zuen atzo enpresak, eta lantokian zenbait sute gertatu zirela jakinarazi zuen. Hori dela eta, produkzioa gelditu behar izan zuela ziurtatu zuen enpresak ohar batean, «pertsonen segurtasuna arriskuan zegoelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.