Celsa Atlantic enpresak ——Laminaciones Arregui zen lehen— EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak enplegua erregulatzeko txostena atzera bota izanaren aurkako helegitea aurkeztuko du, lantokiko iturriek jakinarazi dutenez.
Araban dituen bi lantegiak —Gasteizen eta Urbinan— itxi eta 358 langileak kaleratzeko asmoa du Celsa Atlanticek, enpresaren "egoera ekonomiko negatiboa" dela eta. Langile batzordeak dosierra baliogabetzat jotzeko eskatu zuen, txostenak ez dituelakoan biltzen enpresa ixteko "zergati ekonomikoak eta ekoizpenari lotutakoak". Langileek bazuten itxaropena epaileak dosierra atzera botako zuela, antzeko kasu batean ere hala egin zuelako.
Celsa Atlanticek gaur esan du egoera oraindik txarra dela, eta "enpresa erabakiak" hartzen segituko dutela. Joan den maiatzaren 9an aurkeztu zuen enplegua erregulatzeko txostena. Egun bat lehenago, sindikatuek greba mugagabea abiatu zuten. Enplegua erregulatzeko eskaera baliatuta, 178 behargin kaleratuak zituen ordurako enpresak. Erabakia auzitara eraman zuten langileen batzordeak eta ELA sindikatuak. Saioa joan den irailaren 18an egin zen, Bilbon.
Arabako enpresa historikoetako bat da Laminaciones Arregui. 1958an sortu zen, eta, harrezkero, metalezko hodiak nahiz zumitzak ekoizten ditu. 1996tik Celsa taldearen eskuetan dago Bartzelonan egoitza duen konpainia hori. Euskal Herrian presentzia esanguratsua du Celsak. Alde batetik, Bizkaian Trapagarango Nervacero lantokiaren jabea da. Bestetik, Acierie de L'Atlantique altzairutegia du Baionan, 260 langilerekin.