Celsa Atlanticeko —Laminaciones Arregui zeneko— zuzendaritzak enpresako 352 langile kaleratu nahi dituen erregulazioa eta Gasteizko eta Urbinako lantokiak ixteko plana aurkeztu ditu, Asier Giraldo langile batzordeko arduradunak gaur jakinarazi duenez. 352 beharginek bi planta horietan lan egiten dute.
Celsa Atlanticek aurreko astean iragarritako erregulaziotik pauso handia eman du, beraz. Izan ere, iragan astean zioen 90 langile kaleratu nahi zituela, eta gainontzekoei soldata 530 euro jaitsi eta lanaldia %40 malgutu.
Langileek goizean protesta elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Datorren astelehen, astearte, asteazken eta ostegunerako lanuztera deitu du langile batzordeak. Gaur, zuzendaritzarekin biltzeko asmoa du, eta Giraldok esan du prest daudela lehengo astean aurkeztutako baldintzak onartzeko, enpresak betiere gero Gasteizko eta Urbinako lantokiak ez ixteko bermea ematen badu.
Langile batzordeko arduradunak ez du baztertzen Celsa Atlanticek, bi lantokiok itxi ondotik, Nervacero Bizkaiko planta ere ixtea —350en bat lagunek egiten dute behar han—.