Enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu zuen, baina bertan behera utziko du. Cementos Lemonak ez du indarrean jarriko 123 langileentzako 161 eguneko enplegua erregulatzeko dosierra, eta ez ditu langileekin hitzartutako lan baldintzak nabarmen aldatuko. Enpresak eta langileek akordioa lortu dute: alde batetik, enpresak dosierra bertan behera utziko du; bestetik, 2010etik 2012ra bitarteko ituna hitzartu dute. Atzo sinatu zituzten agiriak.
Langileak pozik daude. «Garaipena» dela diote, bai dosierra bertan behera geratu delako, bai enpresak hainbat eskaera onartzea lortu dutelako lan itunean: kontsumo prezioen indizearen (KPI) araberako soldata igoera, ultraaktibitateari eustea, enpresak soldatei eutsiko diela sinatzea eta «antolaketa neurriak».
Enpresarentzat ere akordioa ona da, malgutasun neurriei esker gastuak aurreztuko dituelako. Lan hitzarmenean hainbat neurri onartzeko eskatzen zien enpresak langileei, dosierra bertan behera uzteko: soldatak izoztea, malgutasun neurriak, kostuak gutxitzea, zenbait lanpostu aldatzea eta zenbait langile kaleratzea.
Lan itun berriaren bitartez, lan erreformari aurre egin nahi izan diote. Erreformaren arabera, enpresak langileekin hitzartutako soldatak jaits ditzake hiru hiruhilekotan jarraian bere diru sarrerak eta salmentak jaisten badira. Cementos Lemonan hala ez egitea hitzartu dute.
Akordioa lortuta ere, egoera ez da samurra Cementos Lemonan. Enpresa geldirik dago: langileen esanetan, zuzendaritzak gerarazi du, langileei presio egiteko, enpresaren eskaerak onar zitzaten; enpresaren arabera, ordea, zementu eskaerarik ez dagoelako daude geldi. Enpresa batzordeak uste du akordioaren ostean berriro lanean hasiko direla, baina enpresak ez du halakorik ziurtatu. Langileek hainbat lanuzte egin dituzte azkeneko bi hilabeteetan, dosierraren kontra.
Zementu eskaera gutxi
Krisiak gogor eragin die eraikuntzari eta hari lotutako gainerako sektoreei, zementuarenari barne. Enpresaren datuen arabera, zementu eskaera %40 jaitsi da 2007 eta 2010 artean. Lemoako lantegiaren jabe Cementos Portland Valderribasek uste du aurten zementu eskaera inoizko apalena izango dela. Cementos Lemonak iaz 3,3 milioi euroren galerak izan zituen. 166 egun egon zen geldirik, eskaera faltagatik. Aurreko urteetan irabaziak pilatu ditu: 2007an 24,5 milioi euro, 2008an 19,6 milioi, 2009an 6,7 milioi eta2010ean 5,2 milioi.
Itxieraren mamua ez da desagertu. Cementos Portland Valderribasekduela astebete iragarri zuen datozen hilabeteetan bi lantegi itxiko dituela. FCCk kontrolatzen du Cementos Portland Valderribas. Portland Valderribasek, baina, ez zuen zehaztu zeintzuk izango diren. Argitu du 500 kontratu eten nahi dituela behin-behinean. Euskal Herrian bi lantegi ditu, Lemoakoa eta Olatzagutiakoa (Nafarroa). 148 langilek lan egiten dute Olatzagutiakoan.
Lantegietako zuzendaritzek eta langileen ordezkariek esan zuten ez zekitela ezer zenbait lantegi ixteko asmoei buruz.
Cementos Portlanden salmentak 1986ko kopuruetara jaitsi dira, eta taldeak 1.500 milioi euroko zor metatua du.
Enpresa batzordeak eskerrak eman dizkie langileei, Lemoako Udalari eta herritarrei, emandako babesagatik.
Cementos Lemonak kendu egin du dosierra, akordioa lortu eta gero
Enpresa eta langileak gustura daude, 2010-2012 urteetarako lan hitzarmena sinatu dutelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu