Portlandek gaur aurkeztu du 318 langile kaleratzeko espedientea, aurreko astean iragarritako beste 227 kaleratzeei gehitu beharrekoa. 2012ko urrian 590 kaleratzeko erregulazio espedienteak aurkeztu zituen, eta Lemoako plantan 34 lanposturen galera eragin zuen. 2013ko otsailean Irlandako CHR enpresak erosi zuen Lemoako planta, eta, bertako langileen protesten ondorioz, horietako hamazazpik lanpostua berreskuratzea lortu zuten bi hilabete geroago —gainontzekoek erretiro aurreratua zuten—.
Azken urteetan %29,3 jaitsi da porlanaren kontsumoa, eta hori da kaleratzeak egiteko emandako arrazoia. Horrek arazo ekonomikoak eta antolaketa zein produkzio arazoak ekarri dizkio Cementos Portland Valderrivas enpresari. Kaleratzeak errentagarriak ez diren plantetan egingo dira, eta planta horiek itxi egingo dituzte.