Berean jarraitzen du Jose Luis Feito CEOEko ekonomia batzordeko presidenteak. Herenegun, lan eskaintzei uko egiten dieten langabeei prestazioa kentzearen alde agertu zen, «baita lan eskaintza Laponian eginez gero ere». Atzo, herrialde hori izan zuen hizpide berriz ere. «Bizarzuri han jaio zen, leku polita da eta oso ongi ordaintzen dituzte sasoiko lanak». Laponia ez ezik, Eskandinaviako gainerako herrialdeak goraipatu zituen, «guztiok miresten dugun ongizate sistema dutelako eta administrazio publikoa ez delako batere tolerantea eskaintzen uko egiten dieten langabeekin». Feitorentzat onartezinak dira langabeek lekuz aldatzeko jartzen dituzten oztopoak.«Hamar kasutatik zortzitan langabeek uko egiten diete lan eskaintzeilekuz aldatu behar izanez gero, baita hiri bereko beste auzo batera izanda ere».
Sindikatuen haserrea eragin dute CEOEko ordezkariaren adierazpenek. «Sozialki higuingarriak izan dira», esan du Toni Ferrer UGTko ekintza sindikalerako arduradunak. Zentzuz jokatzeko eskatu du, «langabeak direlako okerren pasatzen ari diren herritarrak». Ferrerrek azaldu du UGTk nahiz CCOOk gutun bat bidali diotela Mariano Raxoi Espainiako presidenteari, negoziazio prozesu bat eskatuz. Fatima Bañez Enplegu ministroak proposamen zehatzak eskatu zizkien herenegun sindikatuei. «Negoziatzeko borondatea ez da komunikabideen bidez erakusten», erantzun dioFerrerrek. Haren esanetan, orain artean «bilera tekniko hutsak» egin dituzte Lan Ministerioarekin, eta hartutako neurriak zuritzen soilik saiatu da hura. UGTko ekintza sindikaleko arduradunaren arabera, lan erreforman onartutako hainbat neurri eta onartzeko modua bera konstituzioaren aurkakoak izan daitezke.
Raxoik, ordea, berretsi du ez duela oinarrizko aldaketarik egingo onartutako lan erreforman, «justua eta orekatua» delako. Feitoren adierazpenei ere egin die kritika PPk. Cristobal Montoro Ogasun ministroaren esanetan, ez dira batere egokiak izan. Gogoratu du lan erreforman ez dela ezer zehaztu lanpostu bat onartzeko denbora tarteaz, ezta uko egindako eskaintza kopuruaz ere. «Balorazioaren bat egiten dutenek egin dezatela lan erreformaz, bestela gizartea nahastuko dugu».
Soldatak egokitzeko eskaera
Miguel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko presidenteak ere egin du beste proposamenbat. Epe motzean ekonomiaren lehiakortasuna handitzeko,ezinbestekoa iruditzen zaio prezioak eta soldatak «egokitzea» eta produktibitatea handitzea. «Krisia konpontzeko modu bakarra da politika ekonomiko nazionalak sakonki berraztertzea eta txanpon batasunaren funtzionamendura egokitzea», gaineratu du.
CEOEk dio langabeek ez dutela ondoko auzoan lan egin nahi
Lan erreforman aldaketa sakonik ez duela egingo ziurtatu du Raxoik, «justua eta orekatua» delako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu