Gerardo Diaz Ferran Espainiako patronaleko (CEOE) presidenteak hauteskundeetara deituko du, bere ondorengoa izendatzeko. Elkarteko 21 presidenteordeei atzo eguerdian eman zien erabakiaren berri, eta urriaren 20an jakinaraziko die batzorde exekutiboko eta zuzendaritza batzordeko gainerako kideei. Haiek ados badaude, hauteskundeetarako eguna zehaztea besterik ez da faltako.
Denbora kontua zirudien, eta azkenean amore eman behar izan du. Ezin izan die eutsi kargutik kanpo ikusi nahi dutenen presioei. Eta berez 2013ra arte iraun behar zuen, baina agintaldia bukatzea erabaki du. Baina litekeena da agurtu beharrik ez izatea, bozetara aurkezteko asmoa duela aitortu baitie ingurukoei. Ofizialki ez du ezer adierazi.
Azken hilabeteak ez dira batere gozoak izan Diaz Ferranentzat. Ia egunero agertu da egunkarietako tituluetan, baina ez bere lorpenengatik, bere enpresetan egindako kudeaketa kaskarragatik baizik. Izan ere, patronaleko presidenteaz gain, enpresaburua ere bada Diaz Ferran. Dozenaka enpresa ditu, eta azkenaldian porrot egin dute haietako zenbaitek, Marsans bidaia agentzien taldeak eta Air Comet hegazkin konpainiak besteren artean. Ehunka lagun lanik gabe geratu dira, eta baldintza txarretan, jakinarazi dutenez. Horrek, jendaurrean duen irudiari kalte handia egin dio, patronaleko burua, enpresaburu eredugarria izan behar lukeena, kontrakoa dela ikusi delako.
Enpresarioen buruak irudi txarra emateak elkarte osoari kalte egiten diola uste dute CEOEko buruzagitzako gainerako kidek. Hain zuzen, kargua utzi eta hauteskundeetara deitzeko eskatzekoak ziren atzoko bazkarian. Eta lortu zuten nahi zutena.
Arratsaldean, patronaleko zuzendaritzak prentsa ohar bat kaleratu zuen gertatutakoaren berri emateko. Oharraren arabera, presidenteordeek oso ontzat jo dute Diaz Ferranek patronalaren zuzendaritzan egindako lanaz. «Kudeaketa gardena, modernizatzen egindako lana eta CEOEko ordezkagaitasuna zabaldu izana» nabarmendu zituzten, besteak beste.
CEOEko bozak deitzera behartu dute Diaz Ferran
Hauteskundeetara aurkezteko asmoa duela aitortu die ingurukoei; ofizialki, oraindik ez du ezer adierazi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu