CiUk lan erreformaren tramiteak aurrera egitea ahalbidetuko du

Dekretuaren edukiak «nabarmen» hobetu litezke, Kataluniako alderdiaren ustez, baina tramiterako onartzeari ez dio trabarik jarriko

Ivan Santamaria.
2010eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Zapateroren gobernuak ez du oraingo honetan azken unera arte itxaron behar izango. Lan erreformaren tramitea ez duela trabatuko iragarri zuen atzo CiUko presidenteak, Artur Masek. Lege dekretuaren proiektua «nabarmen» hobetu behar dela ohartarazi zuen, baina erreforma egin beharrekoa dela argudiatu zuen. Dena dela, Kataluniako alderdiak ez du argitu alde bozkatuko duen edo abstenitu egingo den.

Estatuko Aldizkari Ofizialean atzo argitaratu zen lan erreformaren testua. Horrenbestez, gaur sartuko da indarrean, bainahilaren 22an Espainiako Kongresuak dekretuari oniritzia eman beharko dio. Hor hasiko da beste prozesu batgobernua prest baitago erreforma lege proiektu modura tramitatzeko. Horrek legebiltzar taldeen ekarpenak jasotzeko aukera irekiko du, zuzenketen bidez.

Heldu den astearteko bozketari begira zeuden zalantzak uxatu ditu CiUren iragarpenak. Bigarrenez eman diote arnasa Kataluniako nazionalistek Espainiako Gobernuari. Defizita murrizteko neurri sortak aurrera egin zuen CiUren abstentzioari esker, eta oraingo honetan ere PSOEren makulua izango da.

Defizita gutxitzeko neurriekin ez bezala, lan erreformarekin ez zirela abstenituko ziurtatu zuen Josep Antoni Duran i Lleida CiUko legebiltzarkideak. Mezu hori berretsi zuen Masek atzo. Gobernuak CiUren aldeko boza bermatu nahi badu, lege proiektuaren eztabaidan aldaketak onartu beharko ditu. «Tramitean onartzen diren gauzen araberakoa izango da gure boza», laburbildu zuen Masek.

Kataluniako alderdiak noraino estutu nahi dituen oraindik ez daki Celestino Corbacho Lan ministroak, baina argi ditu mugak: puntu nagusiak aldatzeko edo erreformaren norabidea «ahultzeko» zuzenketak atzera botako ditu. Ahalegin bat eskatu die Kongresuan ordezkaritza duten alderdiei, erreforma premiazko prozeduraren bidez eztabaidatu dadin. Edozein modutan, udazkenera arte iraungo du eztabaidak, gutxienez.

Helburuei dagokienez, erreforma lanpostuen sorrerarekin lotzea «okerra» dela ziurtatu zuen Corbachok, baina hainbeste enplegu gal ez dadin lagungarria izan daitekeela argudiatu zuen. «Enplegua ekonomiak galarazten edo sortzen du». Hori dela eta, erreformak bere kabuz soilik ez duela enplegu gehiago sortuko azpimarratu zuen. Enplegu Zerbitzu Publikoen arabera, lau milioi langabe ditu Espainiak, populazio aktiboaren %20 baino gehiago.

EAJren botoa, astelehenean

Lege dekretuaren argitalpenak erreakzio andana eragin zuen alderdien artean. Astearteko bozketaren hurbiltasunak interesa gehitu zion taldeen jokabideari. Erreformak ez du inor gogobete, eta kritika asko entzun ziren, baina gutxik aurreratu zuten zer bozkatuko duten.

EAJk, esaterako, ez du aldatu duela bi egun zuen jarrera. Proiektuak gauza onak eta txarrak tartekatzen dituela uste du Josu Erkoreka legebiltzarkide jeltzaleak. Hori dela eta, astelehenean erabakiko dute erreformaren tramitearen alde egingo duten edo ez.

Oposizioko alderdi nagusiak, PPk, lan merkatuaren erreforma gobernuaren aurka egiteko baliatu zuen berriro. Zapaterori ez dela benetako erreforma aurpegiratu zion Soraya Saenz de Santamaria popularren bozeramaileak. «Enplegua sortzeko eta horri egonkortasuna emateko aukera bat galdu da», haren aburuz. oraindik ez du esan aurka bozkatuko duen edo abstenitu egingo den.

Ezkerreko alderdien azterketa zorrotzagoa izan da. ICVk eta IUk gogor salatu zuten dekretua, eta Espainian egin den greba deialdia justifikaturik dagoela nabarmendu zuten. BNGk ere erreforma «langileen aurkako ekintza» dela uste du.

Kongresutik at, CEOEk erreforma ez dela nahikoa ziurtatu zuen. Hainbat aldaketa proposatu ditu, baina, batez ere, kaleratze objektiboa eskatu ahal izateko baldintzak gehiago zehazteko exijitu du. Galerak dituzten enpresei aukera hori emango zaie orain.



UGT ekaineko grebanez egotea «errespetatu» egiten du CCOOk

UGTk heldu den ekainaren 29rako deitu den greba orokorrean ez parte hartzeko hartu duen erabakia «errespetatzen» du Unai Sordok, Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak. «Ez gara polemikan sartuko, ez orain, ezta hurrengo asteetan ere». Hego Euskal Herrian lan erreformaren aurkako lanuztera deitu zuen gehiengo sindikalak egun horretan.CCOOk egun bera aukeratu du, baina deialdia beste bat izango da, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoara mugatuko da.

Sindikatu abertzaleekin dituen ezadostasunak nabarmendu zituen Sordok Bilbon egindako ekitaldian. «Erreformaren salaketa birtuala egiten dute, proposamenik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.