Industrialek CLPB kooperatibaren esnea hartu nahi ez dutela, soberan den esnea bota behar izan zuten atzo bertako laborariek. Berrogeita hamar bat ekoizle elkartu ziren eta Pauen dagoen interprofesionalaren egoitzaren aitzinerajoan ziren ekoizpena botatzera. «Interprofesionalak ez du ezer egin arazoari aterabide bat atzemateko», zion kamioiaren hodia askatu aitzin André Iribarne kooperatibako presidenteak. Kezka zen ageri jendeen aurpegian eta batek baino gehiagok zion haien ekoizpena lurrean ikusteak «bihotzean min egiten duela». Ekintza aitzin bilera bat eskatu zuten, baina interprofesionaleko arduradunak hor ez zirela erranik, ez zieten sartzen utzi.
Egunero 4.000 litro esne dituzte bota beharko, hau da, astero laborari batek sasoi batez ekoiztutakoaren heina. 71 etxalderen geroa da zalantzan. «Ez du horrela luzaz irauten ahalko... gure ogibidea dugu botatzen hor», zion bertan zen ekoizle batek. Egoera erabat blokeaturik dela, ekintzekin jarraituko dutela argi utzi zuten, interprofesionalaren eta industrialen joera «ahal bezain laster aldarazteko xedez». «Borroka gogorra da, jarraitu behar dugu, elkartasuna atxikiz gure artean», erran zuen presidenteak. Bilera egin zuten arratsaldean Jean-Mixel Anxolabehere Paueko Laborantza Ganberako buruarekin. Laborarien erdiak kooperatibatik ateraz gero, esnearen hartzea berriz posible dela aipatu zien Anxolabeherek; proposamen hori «erredikulotzat» jo zuen CLPBk.
Gasnatzeko egiturarik ez ukanki, 1999az geroz CLPBk beste esnetegiei banatzen du bildu esnea, ondotik gaztak berreskuratu eta haiek dituztela afinatzen eta saltzen. Baina, azaroaren 7ko interprofesionalaren bileran jakin zuten industrialek kooperatiba horren esnea ez hartzeko manua eman zuela beste esnetegiei.
«Ezin daiteke erran esne soberakina dela, ikusiz kanpotik 8,5 milioi litro dituztela sarrarazten», justifikatu du Iribarnek. Alta, esne sobera dutela izan zen industrialek azaroan emandako esplikazioa. 65 milioi litro dira Ossau-Irati gunean gasnatzen; horietarik, 40 milioi baldin badira AOP labelean ekoitziak, hogei milioi dira benetan AOP sor-marka pean gasnatuak. Beste hogei milioi litroak «eite handia» duten gasnak egiteko dira, baina beste esne mota batzuei nahasirik. Hau da, kanpotik sartutako 8,5 milioi litroekin eta lokalki baina kanpoko ardi arrazek eman hamasei milioi litro esnerekin nahasiz.
CLPBkoek esnea bota egin dute interprofesionalaren egoitzaren aitzinean
Egunero 4.000 litro esne ditu hartzailerik gabe kooperatibak ; ekintzetara pasatzeko hautua egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu