Lan gatazka

CNA bideragarritasun plan bat lantzen ari da Edesa Industrialentzat

Kataluniako konpainia horrek iragarri du soilik "ekonomikoki efizientea eta eramangarria den produkzioa" mantenduko duela.

CNA taldeak Garagartzan duen Fagor egoitza, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2017ko uztailaren 4a
15:12
Entzun

"Jarraipenaren alde" dagoela azpimarratu du CNA Taldeak, hilaren 30ean Edesa Industrial —Fagor Etxetresnak kooperatibaren errautsetatik sortutakoa— konkurtsoaren aurrekora bidali eta gero jendaurrean zabaldutako lehenengo oharrean. Bideragarritasun plan bat lantzen ari dela azaldu du, 100 milioi euroko zorra birfinantzatzeko eta "egiturazko gastuak txikitzeko".

Izan ere, zuzendaritzak argudiatu du Edesa Industrialen ekoizpen eta egitura gastuak "oso handiak" direla, eta kostu horiek txikitu egin behar direla enpresa bideragarri egiteko. Edonola ere, ez du zehaztu murrizketa horiek nola egiteko asmoa daukan. Konpainiak azaldu du 2014an Fagor Etxetresnak erosi zuenetik aurreikusitakoa baino 20 milioi euro gehiago inbertitu dituela bertan, baina hala ere ez dutela lortu kontuak onbideratzea.

Halaber, enpresak azaldu du denbora irabazteko jo duela konkurtso aurrekora, "enpresa eta negozioa berregituratzeko behar adina denbora izateko". Lege konkurtsalak, hain zuzen ere, lau hilabeteko epea ematen dio zorra birfinantzatzeko. Urtebetean ez da gai izan bankuekin zorra bideratzeko, baina datozen lau hilabeteetan akordio berri bat lortzeko asmoa dauka enpresak, eta "enpresa egitura egonkor eta eramangarri bat definitzekoa".

Markaren indarra

Negozioarekin jarraitzearen aldeko apustua egin duela adierazi du zuzendaritzak, "konfiantza daukalako Fagor markaren indarrean". Negozio plan berria honako zutoin hauetan oinarrituko da: Fagor markan, barne eta kanpo salmenten sendotasunean, eta I+G+Ban. Era berean, gaineratu du soilik "ekonomikoki efiziente eta eramangarria den produkzioa" mantenduko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.