Confebask: «Grebak min handiagoa emango dio egoera ekonomikoari»

Patronalaren iritziz, «arduragabekeria larria» da sindikatuen deialdia, eta «guztion» ahalegina eskatu du

Erredakzioa
2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Confebask enpresaburuen elkarteak ez du begi onez hartu gehiengo sindikalak egindako iragarpena. Haren arabera, greba orokorrak «min handiagoa» emango dio egungo egoera ekonomiko eta sozialari, eta salatu du hori dela sindikatuen «alternatiba bakarra».

Confebaskek ohar baten bidez adierazi du «okerra» dela sindikatuek hartutako erabakia, eta «arduragabekeria larria». Deialdi horren bitartez «galera ekonomiko ugari» izango direla uste du Confebaskek, eta egoerak «guztion ahalegina» eskatzen duela, eta ez elkarri «min» egitea.

Sakrifizioa guztien aldetik

ELA eta LAB sindikatuei aipamen eginez, Confebaskek dio orain arte krisitik irteteko proposatu duten aukera bakarrarekin«gatazkak sustatzea eta ekoizpenari kalte egitea» besterik ez dutela lortu. «Beste arlo batzuetan alternatibak eskaintzeko ahaleginak egiten ari gara, lanarekin, elkarrizketarekin eta elkarlanerako asmoarekin. Bien bitartean, harrituta ikusten dugu beste batzuk ez direla gai errealitatearen aurrean euren burua kokatzeko». Confebaskek adierazi du une honetan herritar guztiek egin behar dietela aurre zailtasunei, sakrifizioak egin behar dituztela, baina egoera dena delakoa izanda ere, errealitateaz kontziente direla uste du: «Ez dago ahalegina egitea besterik; zilegi den protestatik haratago, herrialdea aurrera atera beharra dago».

Espainiak finantza erakundeentzat eskatutako erreskatea «behar-beharrezkotzat» jotzen du Confebaskek, arriskuan dauden finantza erakundeen kapital oinarriak sendotzeko. «Ezinbesteko abiapuntua zen bidegurutze honetatik ateratzeko», esan zuten erreskatearen berri jakin ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.