2013ko aurreikuspena

Confebaskek 600 milioi euroko funts “ezohikoa” eskatu du barne eskaera suspertzeko

Hiru urteko aurreikuspena izango lukeen akordio zabal bat lortzea ere eskatu du patronalak.

Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko abenduaren 28a
14:15
Entzun

2012a urte zaila izan da Confebaskentzat, lan asko galdu delako. Patronalak emandako datuen arabera, 2.000 enpresa itxi behar izan dituzte azken urtean, eta horrek “inoizko langabe kopuru handiena utzi du”, Nuria Lopez de Gereñu Confebaskeko idazkari nagusiaren esanetan. Une honetan lan egiteko baldintzak betetzen dituzten pertsonen %12,1 beharrik gabe daude, eta “gauzak ez badira aldatzen”, %13,9ra iristea aurreikusten du patronalak. Hau da, 2013. urtean 21.000 lanpostu galduko lirateke.
Barne produktu gordinak ere behera egin du aurten (-%1,3), eta datorren urterako aurreikuspenek ere jaitsiera hori izango dute, Confebasken arabera. Baina datu horiek guztiak neurririk hartu ezean egindako aurreikuspenen arabera egin ditu patronalak. Eta egoera horretara ez iristeko, hainbat proposamen egin ditu Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak.
Batetik, 600 milioi euroko “ezohiko” funts bat sortzea, barne eskaera suspertzeko. Era horretan, -%1,3ko uzkurduraren partez, -%0,1ekoa izango litzatekeela uste du enpresarien konfederazioak, “Europak duen aurreikuspen mailan”. Baina Eusko Jaurlaritzak datorren urteko aurrekontuetan murrizketak egin behar baditu, nondik sortu funts hori? Ekainean egindako proposamenari jarraiki, pertsona fisikoen eta enpresen ekarpenetik eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundetik (BGAE) lortuko litzateke diru kopuru hori.
Beste alde batetik, erakunde, alderdi politiko, eragile sozial eta sindikatuen arteko akordio zabal bat lortzeko beharra ere ikusi du Lujuak. Hiru urteko perspektiba izango lukeen akordioa izango litzateke, eta hiru puntu izango lituzke: barne eskaera indartzeko plan bat adostea, aurrezkiak inbertsio bihurtuko lituzkeen funts bat sortzea eta ekoizpen sarea bultzatzea. “Era horretan bakarrik irten ahal izango gara krisitik”.
    Plan horiek martxan jarriko balira, 1.700 enpresa ixtea eta 11.000 lanpostu galtzea saihestuko litzateke, Confebasken arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.