Espainiako soldata igoeraren ituna Araba, Bizkai eta Gipuzkoan nola egokitu aztertzeko Confebasken deitutako bilera ez da egingo, patronalak berak bertan behera utzi eta gero. LAB sindikatuak iragarri zuen bere lekua "bi langileri prekarioari" utziko ziela, eta ELA ez zela "antzerkietara" joango. Egoera horren aurrean, Confebaskek bilera hori ez egitea erabaki du.
Patronala haserre azaldu da LABekin sindikatuati berari igorritako gutun batean. Hari egindako gonbidapena zela argitu dio, eta horrek ez duela esan nahi LABek nahi eran erabil dezakeela "espazio hori". "Confebaski eta bileran parte hartu behar duten gainontzeko erakundeei errespetu falta" islatzen du LABen ekimenak, patronalaren arabera. "Erakunde serioen jarrera" ez dela hori dio Confebaskek.
"Oso kezkaturik eta haserre" dagoela jakinarazi du patronalak, elkarrizketarako proposamenari azaldutako LABen ukoak, "deialdia bera oztopatzeko saioa" duelako alboan. Euskal langileen lan baldintzei eragin diezaiekeen ekimena sindikatu abertzaleak "ikuskizun" bihurtu nahi duela salatu du patronalak.
Horren aurrean, Confebaskek eta harekin elkartu behar zuten beste sindikatuek, CCOOk, eta UGTk, bertan behera utzi du uztailaren 3rako deitutako bilera. Erakunde horiek "aurrerago" batzartuko dira, nahiz eta oraindik ez jakin noiz eta non; "benetan ekarpen positiboa" egin nahi duten erakundeen bilera izango dela gaineratu du Confebaskek.