Patronalak errieta egin dio Jaurlaritzari, langile publikoentzat 35 orduko lan astea berreskuratzeko hartu duen erabakia dela eta. Confebaskentzat «kontraesana» da egungo langabezia eta krisi egoeran enpresa pribatuari inbertsioa eta enplegu sorrera eskatzea eta, aldi berean, «zortzi milioi euro bideratzea langile publikoen lanaldia murrizteko». Lakuak legealdiaren amaieran hartu duen erabakia gogor kritikatu du enpresarien konfederazioak. «Eztabaida hori ez dago mahai gainean orain, ezta Europan erreferentzia diren beste ekonomietan ere, adibidez Frantzian», esan zuen atzo ohar batean.
Patronalak ohartarazi zuen ezin dela esan oraindik egoeraren larritasuna bukatu dela, «luze gabe eta luzera begira dauden kezkak ez dituelako inork zalantzan jartzen». Testuinguru horretan, Jaurlaritzak 35 orduko dekretua erabaki izanaren aurka dago. «Ezustea» hartu du Confebaskek, gainera, Jaurlaritzak berak adierazi duelako 2016. urtea «zaila» izango dela eta «kezkek hor jarraitzen dutela». Bada, hori esatea eta «urtero aurrekontu publikotik langile publikoen lanaldia murrizteko 7,8 milioi bideratzea» kontraesan handi gisa ikusten du Roberto Larrañaga presidente duen elkarteak. Are gehiago, Confebaskek uste du «bakarrik langile publiko direlako» hartu dela neurri hori, «produktibitatearen hobekuntzari buruz ezer hitz egin gabe».
Murrizketa guztiak kendu
Jaurlaritzak hartutako neurriak gizartean izan dezakeen eraginarekin dauka lotura patronalaren haserre handia islatzen duen errietaren beste zutabea. «Ez da eredu ona gizartearentzat», dio patronalak oharrean, sektore pribatuko enpresariei eta langileei «ahalegin berezia eskatzen ari zaielako enplegua sortzeko eta bermatzeko». Alegia, sektore pribatuan eta publikoan lan egiten dutenen arteko desberdintasunak nabarmentzen ditu Confebaskek. 35 orduko lan astea orain hamabost urte adostutakoa dela ere gogoratzen du, eta neurri hori «erronka berriak eskatzen dituen krisi izugarri batek erabat gainditu duela» dio. «Erronka horiek ez dute zerikusirik lan gutxiago egitearekin».
Oso bestela hartu du ELAk Jaurlaritzak hartutako erabakia. 35 orduko lan astea berreskuratu delako gustura azaldu zen atzo; «azken urteotan martxan jarritako murrizketa guztiak bertan behera uzteko» exijitu zion Iñigo Urkulluren administrazioari. «Urkulluren gobernuak legealdi hasieran hartutako erabakiak EAEko administrazioan lanaldia 45 ordu luzatu zuen, eta horrek eragin larriak izan ditu euskal arlo publikoan». Osakidetzan lanaldia luzatzeak 1.500 lanposturen galera ekarri duela esan zuen.
«Behin 35 orduko lan astea berreskuratu eta gero», esan zuen ELAk, mahai orokorraren eraginpean dauden langileei «antolatzen eta mobilizatzen jarraitzeko» deia egin zien; besteak beste, Osakidetza, Ertzaintza, irakaskuntza, administrazio autonomoa, justizia eta sozietate publikoak aipatu zituen. «Helburua da galdutako eskubideak berreskuratzea eta politika larri hauek aldaraztea da, kalte egiten baitiete zerbitzu publikoetako langileei, baina oro har baita euskal gizarteari ere».
Confebaskek dio 35 orduko lan astea ez dela «eredu ona» gizartearentzat
Patronalarentzat «kontraesana» da Jaurlaritzak enplegu sorrera eskatzea enpresei eta zortzi milioi euro 35 orduko lan astera bideratzea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu