Confebaskek «gobernu sendoa» eskatu du krisitik irten ahal izateko

Ekonomia bideratzeko, aurrezkiekin eta pentsio plan osagarriekin finantzatutako ezohiko funts bat sortzea proposatu duZerga politika aldatu eta zerbitzu publikoak pribatizatzeko aukera aztertzea galdegin du

Miguel Angel Lujua Confebask patronaleko presidentea atzo Bilbon egindako agerraldian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
«Ekonomiaren ikuspuntutik, ezinbestekoa da lehenbailehen gobernu sendo bat izatea, herrialdea aurrera eraman ahal izateko». Hitz horiekin, Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak agerian utzi du Eusko Jaurlaritzako hauteskundeak aurreratzearen aldeko jarrera. «[Patxi Lopez] lehendakariak jakingo du zein den garairik egokiena bozetara deitzeko, ongi asko baitaki zein den Euskadiren egoera oraintxe». Era berean, onartu du enpresariek ez dutela «gogoko» Jaurlaritzak gutxiengoan gobernatzen jarraitzea.

Gobernu sendoa ala ahula izan, Confebaskek krisitik irteteko bere proposamenak aurkeztu zituen atzo. «Neurr i batzuk polemikoak izan daitezke, baina ezin dugu ezer egin gabe jarraitu», Lujuak azaldu duenez. Ildo horretan, euskal ekonomia bideratzeko ezohiko finantzaketa funts bat sortzea eskatu du EAEko enpresarioen konfederazioak. «Aurrezkiak inbertsio bihurtzeko» baliatuko litzateke funts hori, eta dirua bi iturritatik lortuko litzateke: pertsona fisikoen eta enpresen ekarpenetik, eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundetik (BGAE).

Euskal enpresek orain finantzabidea lortzeko daukaten arazoari aurre egingo lioke neurri horrek, «dirua kanpoko merkatuetan bilatu beharrean, hemen bertan topatzea litzateke helburua». Une honetan, pentsioplan osagarriak kudeatzen duen ondarea 19.000 milioi eurora iristen da, eta EAEko BPGaren %30 da. Confebaskek proposatzen duen funtsera BGAEtik gutxieneko ekarpena egingo balitz —%10—, 2.000 milioi euro bideratuko liratekeela aurreratu du Lujuak.

EAE mailako Kreditu Ofizialen Insitutua sortzeko «borondate politikoa» ere eskatu du Confebaskek. EAEra ekartzeko geratzen den transferentzietako bat izaki, aukera «juridiko posiblea» dela azaldu du Nuria Lopez de Gereñu Confebaskeko idazkari nagusiak. Neurri horrekin, enpresa txiki eta ertainak sortzeko 2010ean eman ziren kredituen %6,24 aplikatuko balira, 1.225 milioi euro banatuko lituzke erakunde publikoak.

Zerga politikan, aldaketak

Patronalaren planak konfiantza sortzea eta jarduera ekonomikoa bultzatzea ditu helburu. Horretarako, enpresa txikiei nazioartera joateko garaian laguntzak ematea, eta hemen finkatuta dauden kanpoko enpresei bultzada ematea garrantzitsuak dira Lujuarentzat. Horregatik, zerga politikan aldaketak egon daitezen eskatu du, «euskal enpresak kanpora joaten direnean lehia berdintasunetik egin dezaten». Alde horretatik, elkarteen gaineko zerga erreformatzea eskatu du Confebaskek, eta %24an uztea proposatu. «Ez da posible zergen pisu handiena enpresengan erortzea, aberastasuna eta lanpostuak sortzen baitituzte». Horregatik, enpresak babestu behar direla aldarrikatu du.

Baina zerga erreformaz gain, sektore publikoko gastua «arrazionalizatu» behar dela gogorarazi die erakundeei. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako administrazio guztien artean 450 enpresa publiko metatzen dituzte, eta «krisia hasi zenetik langile gastuak %15ean hazi dira».

Ildo horretan, zergen bidez bildu den diru kopuruak behera egin duela gogorarazi du Confebaskek, «beraz, gastuak gora egiten badu, eta diru metaketak behera, desoreka bat dago», Lopez de Gereñukadierazi duenez. Hori dela eta, hausnarketa «sakona» beharrezkoa dela esan du, eta enpresa pribatu horietako batzuk esku pribatuetara igarotzeko aukera aztertzea proposatu du. «Pribatizatuko liratekeen zerbitzuak ez lirateke ezinbestekoak izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.