Confebask baikor dago aurtengo bigarren seihilekora begira, eta egoera ekonomikoa «nabarmen hobetzea» espero du. Enpresen eta kontsumitzaileen konfiantza gora egiten ari dela sumatu du, eta ekoizpen industrialaren egoera ia pandemia aurrekoa dela uste du. «Errebote efektua» aipatu du enpresarien elkarteak, eta sektore guztietan berdina ez izan arren, industrian, zerbitzuetan eta eraikuntzan aurreikuspenak hobetzen ari direla nabarmendu du.
Confebaskek barne ikerketetan oinarritzen du bere iritzia, eta Eduardo Zubiaurre presidenteak zehaztu duenez, enpresen ia %90ek lantaldea mantentzea edo handitzea espero dute. Horiek hala, 2021ean BPGa «%7 inguru» haziko dela uste du, eta urte bukaeran langabezia tasa %10,5 izango dela. Alde horretatik, enpresek dituzten hiru buruhauste nabarmendu ditu: krisia behin betiko atzean uztea; energiaren, garraioaren eta oinarrizko gaien garestitzea; eta Europako Funtsen banaketa.
Elkartearen batzar orokorrean arazo horiek jarri dituzte mahai gainean, baina kazetariei erantzunez beste bat nabarmendu du Zubiaurrek: «Epaileek sortzen duten ziurgabetasuna». Oso kritikoa izan da EAEko Auzitegi Nagusiak Tubacexen lan erregulazioaren harira harturiko ebazpenekin. «Epaileen erabakia ulertezina da. Enpresak baliabideak behar ditu krisi egoeretatik ahalik eta bizkorren irteteko. Legediak bide batzuk ematen ditu osasuna hartzeko, eta haiek aplikatzea da bidea. Epaitegiek horrelako irizpideak izatea oso larria da». Onartu du Espainiako Auzitegi Gorenak irizpide hori aldatzea, eta hala izan ezean enpresak agian neurri zorrotzagoak hartu beharko dituela.
Europako Funtsekin lotuta, berriz, haiek lortzeko Espainiako Gobernuak egin beharreko erreformak aipatu ditu, lan erreforma bereziki, eta kritikatu egon du Espainiako Lan Ministerioak eginiko lehen zirriborroa: «Ez dira albiste onak, eta ez doaz Europak nahi duen norabidean. Europatik diote Espainiako lan arautegia zurrun eta lotuegia dela eta zirriborroa kontrako norabidean doa. Arautegi horrek ez du kontratazio gehiago eragingo».