Radio Euskadin elkarrizketatu dute Confebaskeko idazkari nagusi Nuria Lopez de Gereñu. Esan du ELA eta LAB "asko mintzatzen" direla lan harremanen euskal esparruaz, baina erantsi du esparru hori "defendatu" behar zenean ez dutela hala egin nahi izan.
Lopez de Gereñuk adierazi du ELA "giltzarri" zen negoziazio mahaietan ez dela lan hitzarmenik sinatu. Orain, ELAk eta LABek "zailtasun handiak" dituzte azaltzeko "zergatik utzi dituzten erortzen estatuko lan hitzarmen onenak", Lopez de Gereñuk leporatu dienez.
"Nork du benetan akordioetara heltzeko borondate falta? Norbaitek jartzen du zalantzan patronala, ahal duen neurrian, lan baldintzak mantentzearen alde dagoela?", galdetu du.
Lan erreforma ezartzen duten enpresarik ez kontratatzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Lopez de Gereñuk "sorpresa" agertu du neurri horren aurrean. Izan ere, oroitarazi du diputazioak eta Donostiako Udalak legea betetzen duela Espainiako bandera egoitzetan zintzilikatuta.
Gainera, kritikatu du diputazioak Adegirekin harremanak eten izana, iritzita erakunde publikoen eginbeharra "zubiak eraikitzea" eta "akordioak bilatzea" dela, "harremanak hautsi" beharrean. "Adegik ez ditu harremanak eten, berdin jarraituko du lanean", gaineratu du.