Ekonomia

Confebaskekin biltzeko prest dago ELA, baina haren "bide orria" ez duela babestuko dio

Muñozek esan du Jaurlaritzak eta Confebaskek mezu bat ematen dutela "ELArekin ezin da hitz egin" dioena, baina nabarmendu du hori ez dela horrela.

Adolfo Muñoz eta Joseba Villarreal. ARITZ LOIOLA, ARP
Miren Garate.
2014ko otsailaren 17a
14:57
Entzun

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek mezu bat eman nahi izaten dute, "ELArekin ezin da hitz egin" dioena. Hori ez dela horrela nabarmendu du, bi adibide emanda. Joan den ostiralean Cebekeko ordezkariekin bildu ziren ELAkoak, Iñaki Garcinuño presidente berriaren hautapenaren harira. "Lasai hitz egin genuen, guk barruan eta kanpoan gauza bera esaten dugulako". Era berean, Muñozek azaldu du prest zeudela ETBk antolatutako eztabaida batean parte hartzeko. Confebaskekoak ere han izatea zen asmoa, baina patronalak atzera egin du.

ELAko idazkari nagusiaren arabera, biltzeko prest badaude, baina bilera horien emaitzak beste kontu bat dira. "Patronalak adierazteko modu ezberdinak ditu, baina helburua bakarra da: negoziazio kolektiboa doiketetarako erabiltzea, ez aberastasuna banatzeko. Patronalaren bide-orri bakarra soldaten jaitsiera da, eta horretan ezin dugu ados egon". Muñozen hitzetan, ELAren estrategia argi dago: ez dago prest patronalak eta gobernuak babesteko azken hamarkadetan izandako politikarik gogorrenen aplikazioan.

Nabarmendu du elkarrizketa sozialerako mahaiak "alferrikakoak" direla, ELAk gaitzesten dituen bi baldintza betetzen direlako: sindikatuen eta patronalen finantziazioari laguntzen diete eta patronalei eta gobernuei babesa ematen diete aplikatzen dituzten politiketan.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ere, patronalak bezala, soldaten jaitsiera defendatzen duela dio. "Ez da sinesgarria bere esparruan negoziazio kolektiboa suntsitu duena bitartekari gisa agertzea eremu pribatuan".

Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiaren hitzei ere erantzun die Muñoz. Hark ekintza sindikala "merkaturatzea" leporatu dio ELAri. "Autonomiarik gabe, afiliaziorik gabe, sindikalgintza inoiz izandako politika antisozialenei elkarrizketa sozial deitzera dago kondenatuta. Hori gertatzen zaie CCOOri eta UGTri, diru publikoz finantzatzen baitira".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.