Bi urteko etenaldi baten ondoren, Iñigo Urkulluren gobernuak berriro jarri du martxan Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako gizarte elkarrizketa. Aurreko legealdian PSE-EEk Eusko Jaurlaritzatik abiatu zuen eskema berarekin abiatu da: gobernua, patronala eta sindikatuak mahai berean bilduta. EAJko gobernu batekin hamasei urteotan lehen aldiz abiatutako prozesua da.
Mahaia herren sortu da, ordea: ELAk eta LABek ez dute parte hartuko. Bi sindikatu horien artean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen ordezkaritzaren %57 dute. Elkarrizketan parte hartuko duten bi sindikatuen ordezkaritza, baturik, %31 da. ELAren eta LABen parte hartzerik gabe mahaiarekin aurrera egitea erabaki du Jaurlaritzak. Gainera, prozesua indartu nahi izan du lehenbiziko batzarrean. Juan Mari Aburto Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua ez ezik, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburua ere negoziazioetan izango da.
Lehenbiziko bileraren atarian polemika handia sortu da. ELAk eta LABek elkarrizketa bertan behera uzteko exijitu zuten. Confebask patronalari egotzitako agiri batean bi sindikatu abertzaleak legez kanporatzeko bidea prestatzen dela salatu dute, Espainiako Gobernua sindikatuen estatutuei buruz prestatzen ari den dekretu baten harira. Zalapartari erantzunez, agiriari buruzko adierazpen irmoa eskatu zion Urkulluren gobernuak patronalari. Confebask-ek atzo emandako azalpenak ontzat jo dituzte elkarrizketan parte hartzen duten sindikatuek eta gobernuak.
Miguel Angel Lujua Confebask-eko presidenteak hiru puntuko adierazpen bat aurkeztu zuen. Orain arte ELAk eta LABek zabaldutako dokumentua ez zela Espainiako Gobernuari igorritako alegazioena esan zuen patronalak, baina atzo apur bat urrunago joan zen Lujua. «Agiriak ez du Confebasken jarrera eta sentipena islatzen», zehaztu zuen, eta nabarmendu zuen patronalak ez duela bere gain hartzen edo bere agiri gisa onartzen.
Patronalak barne ikerketa bat abiatu du, sindikatu abertzaleek eskuratu duten testua bertatik atera ote zen argitzeko asmoz. Agiria egiazkoa ez bada Madrilera bidalitakoa argitaratzeko exijitu diote ELAk eta LABek Confebaski. Atzo, erronka alderantziz plazaratu zuen Lujuak: «ELA sindikatuak esan dezala nork eman dion, noiz, eta nolako bitartekoekin».
Auziari buruz jarrera bateratua islatu dute mahaiko parte hartzaileek, atzo onartutako agiri baten bidez. Adierazpen horretan diote patronal edo sindikaturen bati izaera hori kendu eta gordailutik botatzea errefusatzen dutela. Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioari bidaliko diote, gainera, mahaiak sinatuta.
Elkarrizketaren alde
Beste agiri bat ere onartu zuen mahaiak lehenbiziko bileran. Horren bidez, gizarte elkarrizketaren ereduari babes osoa agertu diote parte hartzaile guztiek. «Elkarrizketa iraunkorra ezinbestekoa da aurrez aurre ditugun arazoak konpontzen lagunduko duten adostasunak lortzeko», dio adierazpenak.
Aurrera begirako lehen urratsak ere finkatu dituzte. Datorren astean lan bilera egingo dute gobernuak, patronalak eta sindikatuek. Batzar horretan lehentasuna duten gaiak aukeratuko dituzte, eta horiek mahai orokorrera eramango dituzte. Mahai horrek urtarrileko bigarren hamabostaldian egingo du hurrengo bilera.
Gai zerrenda zabala jarri dute mahai gainean parte hartzaileek, hasteko. Negoziazio kolektiborako eta lan harremanetarako eredu berri bat aztertuko dute. Enpleguari dagokionez, besteak beste, Jaurlaritza prestatzen ari den 2015-2020ko estrategia negoziatuko dute, baita lehendakariak politika orokorreko eztabaidan gazte enplegua sustatzeko hitzarmena ere. Lan eta ekonomia kontuetatik aparte, EAEko gizarte babeserako sistemaren defentsa ere izango dute mintzagai.
Elkarrizketaren mahaia Urkulluren apustu esanguratsuena da enpleguaren alorrean. Iaz ultraaktibitatearen amaierari aurre egiteko akordio orokor bat lortzen ahalegindu zen Jaurlaritza, baina ez zuen arrakastarik izan. Oraingo prozesu honen bidez, posible ikusten du Confebask, CCOO eta UGTrekin akordioak lortzea.
Dirurik ez mahaikideentzat
Aburto sailburuak esan zuen sindikatuek eta patronalak ez dutela finantzaketa gehiagorik lortuko mahaian egoteagatik. Etorkizunean ere ez dela dirurik izango ziurtatu zuen. Finantzaketaren gaia ELA eta LAB kritikatzeko baliatu zuten mahaiko ordezkariak, izenez aipatu gabe. «Hobe litzateke aurrerantzean mahaiari buruz hitz egitea, eta ez ez-mahaiari buruz», Aburtoren irudiko.
Patronalak, CCOOk eta UGTk ukatu zuten mahaian egotearen truke dirua jasotzea eskatu dutela. «Ez da inoiz halakorik egin», azpimarratu zuen CCOOko idazkari Unai Sordok. Aurreko legealdian Lopezen gobernuak diru sail jakin batzuk jaso zituen mahaiko parte hartzaileei ordaintzeko, eta, gutxienez, 1,2 milioi eman zizkien. 2013ko kontu proiektuan 320.000 euro gorde zituen Aburtoren sailak elkarrizketarako, baina ez ziren onartu. 2014 eta 2015eko kontuek ez dute halako laguntzarik jasotzen.