Coprecik bigarren lantegia irekiko du Txinan, 3.200 metro koadroko azalerarekin. Gas balbulak ekoitziko ditu han, Txinako merkatuan goi gamako gas bidezko gaineko sukaldeak hornitzeko. Plantaren jarduera aurtengo hirugarren hiruhilekoan hastea aurreikusi dute, eta, ordu arte, egokitzeko, makineria jasotzeko eta langileak prestatzeko lanak egingo dituzte.
Coprecik hamabi urteko esperientzia dauka Txinan; herrialdeko hegoaldean ireki zuen lehen planta (Zhuhai). Aurki irekiko duen lantegiarekin Txinaren aldeko apustu estrategikoa sendotuko du, hain justu Mondragoneko beste kooperatiba batzuek merkatu horretatik ateratzea erabaki duten garaian, Orbea eta Fagor Industrialek, kasurako. "Coprecik abantaila erantsi bat dauka merkatu horretan", dio enpresak igorritako ohar batek; "ahalmen teknologikoari esker, industria prozesuak automatizatzeko betekizunik zorrotzenetara egokitzeko aukera dugu, askoz produktu eraginkor eta fidagarriagoak garatzeko". Beraz, Kunshaneko planta berrian prozesu "oso automatizatuak" instalatuko dira, kalitatea kudeatzeko sistema aurreratuekin, "Txinan gertatzen ari den aldaketa azkar eta sakonaren isla".
Lantegi berriaren bidez hurbileko zerbitzua eman nahi zaie Shanghaiko bezeroei. Copreci Zhuhaiko ekoizpena 1.600 kilometroko distantziara baitzegoen. Edonola ere, hegoaldean lortutako esperientzia ezinbestekoa izango da, eta bi lantegiek koordinatuta egingo dute lana.
Nazioarteko profila
Coprecik nazioartera zabaltzeko prozesu handia egin du, eta, gaur egun, nazioartean saltzen du gehien. Kooperatibak, aipatutako Kunshan eta Zhuhaiz gain, Mexikon, Turkian, Txekiar Errepublikan eta Italian ditu planta produktiboak, herrialde horietako zein inguruetako merkatuak hornitzeko presentzia produktibo globalaren aldeko apustuaren barruan, eta, aldi berean, jarduera handiagoa sortzen du Aretxabaleta eta Altsasuko lantegietarako.