"Europako bigarren errelebo lasterketa luzeena eta egungo elkartasun proiekturik handiena". Hitz gutxitan, horiek dira otsailaren 18tik 22ra Movistarreko langileen ekimenez Bilbo eta Bartzelona batuko dituen Correscales lasterketaren oinarriak. Egitasmoak Movistarreko langileek iaz hiru hilabetez eginiko greban du jatorria. Orduz geroztik, lan baldintzak zertxobait hobetu diren arren, prekaritatea "eguneroko zama" da oraindik ere ehunka langilerentzat, eta esku hartzea beste biderik ez dute izan: 800 kilometroko errelebo lasterketa egingo dute, prekaritatea salatzeko.
Funtsean, "duintasuna" aldarrikatu nahi dute prekaritatearen kontra. Agerraldian egin dute ohartarazpena: "Lan eskubideen eta duintasunaren aldeko borrokari eutsiko diogu greba egiteko aukera sekula bazter ez dadin". Horren haritik, greba eta borroka sozialetarako "erresistentzia kutxa bat" eratzeko asmoa agertu dute, baina egoera ez da batere samurra: Bartzelonan, esaterako, "zerrenda beltzak" osatu ditu Movistarrek, 60 behargin kaleratuta; Bilbon ere hobekuntzak "salbuespen" direla jakinarazi dute. "Prekaritatearen kateak ez du mugarik".
Indarrak metatu, eta elkar hartuta erantzun nahi diote horri. Movistarrek azpikontratatutako teknikarien grebari lekukoa hartuta, Euskal Herriko eta Kataluniako hamaika gizarte eragile, sindikatu eta indar politikoren sostengua jaso du egitasmoak; ELA, LAB, Steilas eta ESK daude horien artean. Iaz osatutako elkartasun sarea baliatu, eta langileen errealitate gordina ikusarazteko dokumental bat egingo dute sustatzaileek. Abian jarri duten crowfounding kanpainaren bidez, 146.350 euro lortu nahi dituzte; hamar egun falta direla, 100.000 euroren langa gainditzear dira dagoeneko.
800 kilometro, 80 korrikalari
Otsailaren 18an abiatuko da martxa Bilbotik, "akordio gehien lortu duten hiritik", eta 800 kilometroko bidea egin ostean, otsailaren 22an helduko da Bartzelonara. Orotara, 80 lagun arituko dira lasterka "egun eta gau", eta hamar kilometroro txandakatuko dira korrikalariak. Basaurira arteko bideari manifestazio itxura emango diote, eragile sozialetako zenbait ordezkarik erreleboka egingo baitute korrika. Lasterketak igaroko dituen hainbat herritan, orobat, lan baldintza duinekin loturiko jarduerak atonduko dituzte.
Helmuga data ez dute zoriz hautatu. Egun horretan, izan ere, Mobile World Congress 2016 azokari ekingo diote Kataluniako hiriburuan, eta lasterketaren bultzatzaileek proiektuari oihartzuna emateko baliatu nahi dute. Teknologia aurreratuenen eta prekaritatearen "isla" direlakoan, kongresuan parte hartuko duten enpresei helaraziko diete prekaritatearen kontrako mezua.