Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak Gallardo taldearekin eta Corrugadoseko enpresa batzordearekin bildu ziren atzo arratsaldean. Jaurlaritzak azaldu duenez, "harridura" agertu zion Gallardori planta ixteko erabakiaren inguruan, eta "kalte gutxien" eragin dezakeen berregituraketa plan bat jorratzeko eskaria egin zion Azpeitiko lantegiko jabeari.
Gallardo taldea prest agertu zen 30 eguneko negoziazio epean "lanpostuak desegitea saihesteko aukera berriak" adosteko. Bide horretan, Jaurlaritzak "denbora" eskatu dio zuzendaritzari, diru ezarleren bat aurkitu ahal izateko.
Langile batzordeak ez dio sinesten, ordea, enpresa zuzendaritzari. "Ez da ezer aldatu", esan dio Berria.info-ri Andoni Eizmendi ELAko ordezkariak. Gallardo "kea saltzen" ari dela dio, "berean jarraitzeko asmo argia duelako". Gaur goizean batzarra dute langileek Gallardoren erabakiari zer-nolako erantzuna eman adosteko. Mobilizazio egutegi bat erabaki dezakete, Gallardok planta ixteko erabakian atzera egin dezan.
Itxieraren berri jakin ostean, langileek adierazi zuten zuzendaritzak aspalditik zuela Azpeitiko Corrugados ixteko asmoa. Enpresak negoziazioak luzatu nahi izan dituela gaineratu zuten langileek.
Corrugadosen lan gatazka aspaldikoa da, baina iazko ekainean gaiztotu zen erabat. Hil horrek 15 zituela, greba mugagabeari ekin zioten langileek, zuzendaritzak baldintza gordinak jarri zizkielako aurretik: 60 langile kaleratzeko asmoa azaldu zuen dosier baten bidez, eta soldatak %34 jaistekoa; urteko lanaldia 49 ordu gehiago luzatzea nahi zuen, gainera.
Aurretik ehun langile kaleratuak zituen zuzendaritzak urte hasieran (87 boluntario), Jaurlaritzak 140 kaleratzeko dosierra bakarrik zati batean onartu ziolako. Greba mugagabea izan zen erantzuna ekainean, eta produkzioa erabat geratu zen Azpeitian sei hilabete eta erdiz.
Epe hori iraun zuen grebak, harik eta aurtengo urtarrilean beharginak lanera itzuli ziren arte, "negoziazioaren mesedetan". Aurreko hilean, abenduan, enpresak kaleratu nahi zituen 60 langileen inguruko epaia eman zuen Bilboko Gizarte arloko epaitegiak. Dosierra baliogabetu egin zuen epaitegiak —oihartzun handiko erabakia izan zen—. Besteak beste, negoziaziorako borondaterik ez izatea egotzi zion Gallardo taldearen zuzendaritzari Garbiñe Biurrun lehendakari duen epaitegiak. "Negoziatzeko betebeharra ez betetzea" leporatu zioten enpresari.
Greba utzi eta lanera itzultzearekin batera, "enpresaren esku" utzi zuten langileek "negoziatzeko aukera aprobetxatzea", urte hasieran. Baina plantara iritsi bezain laster jakinarazi zieten oporretan zirela. Gallardo taldeak denbora irabazi nahi izan zuen, epaitegien ebazpenak eta langileen borrokak eragindako egoeraren inguruan zer egin erabakitzeko. Langileek beti esan dute kaleratzeak "borondatezkoak izatea" onartzen dutela eta "Gallardo taldeak produkzioa bermatu behar duela".
Azpeitiko altzairutegia Marcial Ucin sortutakoa da, eta izen horrekin ezagutzen dira Urola aldean. Gallardok 2005ean erosi zizkion orduko jabeari, Aceraliari.