Enpresak

Corrugados lehengo lekuan ireki daitekeela ziurtatu du Tapiak

Azpeitiko Udalak dio hirigintza planak ez duela aukera hori ematen, baina arazoa «politikoa» dela esan du Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak.

Corrugados altzairu fabrika, Azpeitian. 2013an itxi zuten. GARI GARAIALDE / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko martxoaren 18a
14:11
Entzun

Corrugadosen itzulera posiblearen harira, gogortzen ari da tirabira Azpeitiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Nagore Alkorta alkateak (EH Bildu) argudiatu du ez dela posible fabrikak itxi baino lehen zuen lekuan berriro jarduera hastea, udalaren plan orokor berrituak ez duelako aukerarik ematen. Gainera, plan horrek EH Bilduren botoekin ez ezik EAJko zinegotzienekin ere aurrera egin zuela oroitarazi du alkateak. Fabrika 2013ra arte zegoen lekuan egon beharrean, jarduera Trukutxo izeneko leku batean egitea proposatu du Alkortak.

Gaur, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak erantzun dio planak ez duela debekatzen Corrugados aurreko lekuan irekitzea. «Plan orokorrak baimentzen du; ez da hirigintza arazorik, baina arazo politiko bat dago», ziurtatu du Tapiak, gaur eguerdian Gasteizen egindako adierazpen publiko batean. Haserre azaldu da sailburua, uste baitu Azpeitiko Udalaren jarrerak «700 lanpostu arriskuan» jartzen dituela.

Korapiloa askatze aldera, herri galdeketa bat egiteko aukera aipatu zuen herritar batek asteazkenean alkateak deitutako batzar irekian.Josu Labaka Hirigintza zinegotziak erantzun zion ez direla aukera hori aztertzen ari:  «Herriari zerbaitegatik galdetzeko, zerbait izan beharko genuke esku artean, eta ez gaude fase horretan». Dena dela, beharra sortuko balitz arazorik ez luketela izango adierazi zuen zinegotziak. 

«Zilegi da [galdeketa], onartzen dugu, baina hirigintza aldetik ez dago aitzakiarik jarduera hori egin ahal izateko». Edonola ere, erabakia bizkor hartu behar dela ziurtatu du Tapiak, badelako hilabete bat Corrugadosen oraingo jabeak, Cristian Lay taldeak, proposamena egin zuela. «Jarduera hori egin nahi duen pertsona erantzun baten zain dago, eta ezin diogu gehiago itxaronarazi, halako aukerak pasatzen direnean hartu behar direlako». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.