Azpeitiko Corrugados enpresako 60 kaleratzeen inguruko epaiketak espero ziren jarrerak utzi zituen atzo EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Zuzendaritza erregulazio dosierraren alde agertu zen; langileen ordezkariek, berriz, baliogabe jotzeko eskatu zuten. Goizean egitekoa zen epaiketa, baina arratsaldera arte atzeratu zen, langileen ordezkarien eta zuzendaritzako kideen arteko negoziazioengatik. Kalte-ordainen inguruko proposamenak izan dira, besteak beste.
Imanol Arrojeria ELAko kideak adierazi duenez, Alfonso Gallardo taldeak, lantegiaren jabeak, epaiketa bertan behera uzteko «ahalegin guztiak» egin ditu, baina adostasunik izan ez denez prozesuak bere bidea jarraitu du.
ELAk eta LABek salatu dute kontsulta fasean enpresaren aldetik ez zela «benetako» negoziaziorik egon, hasieratik esan zuelako 60 langile kaleratzeak ez zuela atzera bueltarik. Erregulazio espedienteak grebarako eskubidea urratzen duela ere salatu du langile batzordeak, langileek mugagabeko grebara deitu eta sei egunera iragarri zituztelako kaleratzeak.
Auzitegietara Formican
Joan den astean, Justiziak Celsa Atlantici ez zion onartu langile guztiak kaleratzeko zuen asmoa. Laminaciones Arregui enpresa izandakoaren dosierraren baldintzak ezberdinak izan arren, Arrojeriak onartu du Corrugadoseko zuzendaritzak «beldurra» izan dezakeela, erregulazioa baliorik gabe jotzeko aukeraren aurrean.
Formicak Galdakaoko lantegia (Bizkaia) ixteko hartutako erabakiari helegitea jartzeko asmoa agertu zuen astelehenean langile batzordeak. Oraindik, ordea, zuzendaritzaren iragarpen ofizialaren zain daude EAEko Justizia Auzitegi Nazionalera jotzeko. Lan Ikuskaritzan beharrezko dokumentuak aurkeztu eta langileek kaleratze gutunak jaso ondoren jarriko dute helegitea, hain zuzen.
Sindikatuen arabera, enpresak astelehen arratsaldean aurkeztu zizkion Lan Ikuskaritzari dokumentuak; hala ere, langileen ordezkariek oraindik ez dute zuzenean horren berri jaso. Fletcher Building taldeak, enpresaren jabeak, lantegia itxi eta 170 langileak kaleratu nahi ditu. Atzo jakinarazi zien langile batzordeak langileei auzitara joko duela.
Joan den asteazkenean izan zuten azken bilera zuzendaritzak eta sindikatuek. Enpresak 40 eguneko kalte-ordainak eskaini zituen, baina langile batzordeak ezezkoa eman zion proposamenari. Azkenean, 20 eguneko kalte-ordainekin kaleratuko ditu.
Corrugadoseko kaleratzeen auzia, epaiaren zain
Epaiketaren aurretik, zuzendaritzak eta langileen ordezkariek bilera izan dute, baina ez dute akordiorik lortu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu