CSUk Alemaniako Gobernua hausteko mehatxua egin du, euroguneko akordioagatik

Bruselan hitzartutakoa betetzeko eskatu die Van Rompuyk Finlandiari eta Herbehereei

Iker Aranburu.
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Euroguneari buruzko azken akordioak kolokan jarri du Alemaniako koalizio gobernua. Gobernuko partaideen artean txikienak, Bavariako CSU alderdi kontserbadoreak, iragarri du gobernua utziko duela baldin eta Angela Merkel kantzilerrak hegoaldeko herrialdeen eskari gehiago onartzen baditu.

CSUko buru eta Bavariako lehen ministro Horst Seehoferrek egin dio oharra Merkeli, Stern aldizkariaren bidez. «Bavariako Gobernuak eta CSUk baietz esaterik ez duten garaia iritsiko da. Eta koalizioak ez du gehiengorik CSUren aulkirik gabe», ziurtatu du Seehoferrek. Sozialkristauek 43 diputatu dituzte Bundestagen, eta horiek gabe 288 lituzke Merkelek (195 CDUk eta 93 FDPk), gehiengo osoak baino 24 gutxiago.

Seehoferren arabera, Merkel urrunegi joan zen ostiral goizaldean, Mario Montiren dimisio mehatxuaren ondorioz onartu egin baitzuen aurretik mila aldiz ukatutakoa: erreskate funtsek herrialdeen zorra erostea, eta bankuei zuzenean lagundu ahal izatea. Erabaki horien bidez, arriskuan ikusten ditu Alemaniak jarritako dirua eta bermeak, dagoeneko «mugatik oso gertu» zeudenak. «Nire beldurrik handiena da finantza merkatuek hau galdetzea: Alemaniak horri guztiari aurre egin diezaioke? Horixe da, nire iritziz, arriskutsuena».

Merkelek ez die aliatuaren hitzei erantzun nahi izan, eta mutu geratzea erabaki du Finlandiaren eta Herbehereen mehatxuen aurrean ere. Bi herrialde horiek, Austriarekin batera, neurritasunaren aldeko nukleo gogorraren barruan aliatu izan ditu Alemaniak, eta haien babesarekin atzera bota ditu Merkelek Espainiaren, Italiaren eta enparauen malgutasun eskaerak. Finlandiako Gobernuak, ordea, nahikoa dela esan du, eta iragarri du erreskate funtsek arazoak dituzten herrialdeen zorra zuzenean erosteko erabakia blokeatzen saiatuko dela. Antzeko jarrera azaldu dute Herbehereek ere.

Helsinkiren eta Hagaren jarrera kezka handiz hartu dituzte Europako Batasuneko agintariek. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordekoak bi herrialdeei eskatu zieten atzo trabarik ez jartzeko. «Erabakiak aho batez onartu ditugu, eta konpromiso horiek bete behar dira», ohartarazi du Van Rompuyk. Barrosok, berriz, deitoratu egin du «herrialde batzuek Bruselan gauza bat esatea eta beste bat beren hiriburuetan». Halakorik ez duela egin ziurtatu du Jyrki Katainen Finlandiako lehen ministroak. Agiri baten bidez azaldu du ostiralean ere argi esan zuela erreskate funtsek zorra erostearen aurkakoa zela, «esperientziak erakutsi duelako ez duela askorako balio».

Edonola ere, ikusteke dago Finlandiak edo Herbehereek hitzartutakoa blokeatu ote dezaketen. Baietz dio Helsinkik, ESM erreskate funtsaren araudiak diolako beharrezkoa dela euroguneko kide guztien oniritzia merkatuetan zorra erosten hasteko. Ezetz dio Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak, ESMren araudiak zirrikitu bat irekitzen diolako aho batezkotasunari, esaten baitu EBk eta EBZk «arriskuak» ikusiz gero %85eko gehiengoa baizik ez dela beharrezkoa. Bi herrialde horien artean botoen %7,5 baizik ez dituzte.

Merkatuek ez dute garbi. Herenegun Espainiaren arrisku sariak berriro goranzko bidea hartu zuen Finlandiaren oharra jakin bezain pronto; atzo, berriz, bezperan igotakoa eta gehiago jaitsi zen, 471 punturaino. Maiatzaren amaieraz geroztiko mailarik txikiena da.

Irlanda merkatuetara bueltan

Hor inguru dago Irlandaren hamar urteko zorra ere, eta horregatik erabaki du Dublingo gobernuak merkatuetara itzultzea. Lehen aldiz 2010eko azaroan erreskatea eskatu zuenetik, Irlanda 500 milioi euro biltzen saiatuko da, hiru hilabete barru itzuli beharrekoak. Enkantea proba bat da Dublinentzat, neurtu nahi baitu gai izango ote den bere burua finantzatzeko 2014ko urtarrilean erreskateko dirua jasotzeari utzi behar dionean.

Noiz edo noiz epe laburreko zorra jaulkitzea lortu du Greziak, baina hango gobernu berriaren asmoa erreskatearen baldintzak biguntzea da, «oraingo politikek irteerarik gabeko kalera» eraman dutelako herrialdea. Troikako ordezkariak Atenasen daude atzoz geroztik, eta politika berri baten beharra erakusten omen duten datu ekonomiko «oso kezkagarriak» aurkeztuko dizkiete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.