Customerreko 329 langileen espedientea onartu du Lan Sailak

Iberdrolak beste enpresa bati emango dio telefono harrera zerbitzua, eta hark ez ditu orain arte lan hori egin dutenak hartu nahi. Bizkaikoak bai, baina Jaurlaritzako Lan Sailak ez du enpresa segidarik ikusten

Miren Garate.
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Lan Sailaren Bizkaiko ordezkaritzak emandako itxaropena Eusko Jaurlaritzak zapuztu die Gueñesko (Bizkaia) Customer Works enpresako langileei. Baimendu egin du 329 langile kaleratzeko espedientea. Haietako gehienak emakumeak dira, eta bi urtetik hamabost urte artean daramatzate lan horretan.

Iberdrolako bezeroen telefono bidezko harrera zerbitzua egiten du Customer Worksek. Bost urterako kontratua zuen, beste bost urtean luzatzeko aukerarekin. Lehen bost urteak pasatakoan, aurtengo urte hasieran iragarri zuen argindar konpainiak zerbitzuaren ardura beste enpresa bati azpikontratatu nahi ziola; Konectari, hain zuzen. Orduan 127 pertsona kaleratzeko espedientea aurkeztu zuen Customerrek, kontratu mugagabeak zituzten guztiak bidaltzekoa, hain zuzen. 202 langile gehiago ere badaude enpresan, aldi baterako kontratuarekin. Haiei ere kontratua etengo ziela jakinarazi zuen.

ELAk eta LABek hasieratik salatu dute espedientea. Enpresen segida dagoela uste dute bi sindikatuek, hau da, batek egiten zituen lan berberak beste baten esku geratuko direla. Hala, langileen subrogazioa eskatu dute, hau da, oraingoek enpresa berrian jarraitzea. «Enpresa kontratatzailea berbera da, zerbitzu bera eman behar dugu, bezero berdinei eta leku berberean», azaldu du Ana Fermeño langile batzordeko kideak.

Bizkaiko lurralde ordezkaritzak arrazoia eman zien langileen ordezkariei uztailean, eta espedientea ez onartzea erabaki zuen. Erabakiarekin ados ez zeudela eta, helegitea jarri zuten enpresek. Atzo jakinarazi zuen Jaurlaritzako Lan sailak onartu egin zuela helegitea. «Iberdrolaren interesei egin die men, langileak alde batera utzita», salatu dute ELAk eta LABek. Hurrenez hurren, zazpi eta bi ordezkari dituzte, eta CCOOk, bost.

Ez dakite Konectak zergatik ez duen nahi subrogaziorik. «Guk ez dakigu ezer: ez dakigu noiz izango den aldaketa, nola geratuko garen... Inor ez da gurekin harremanetan jarri; dakigun bakarra da Jaurlaritzak onartu egin duela helegitea». Bai hari, bai Customer Worksi beraiekin biltzea eskatu diete.

Oraingoz, lanera joaten jarraitzen dute. Kalera joanez gero zenbateko kalte-ordainak jasoko lituzketen ere ez dakite. Jaurlaritzaren erabakiaren ostean, administrazioarekiko auzien prozesura jotzea da geratzen zaien aukera bakarra. Borrokan jarraitzeko prest daudela adierazi du Fermeñok. «Halako enpresa handien irabaziak ezin dira langileen bizkar lortu». Enpresak espedientea aurkeztu zuenetik hainbat mobilizazio egin dituzte. Lanuzteak hasieran, eta hamabi greba egun ondoren.

Eskualdea, larri

Gueñes ingurua gogor kolpatu duela krisiak gogorarazi dute sindikatuek. ELAk manifestazioa egin zuen joan den larunbatean egoera salatzeko. Hain zuzen, enpresa enblematiko asko itxi dituzte Enkarterrian azken hilabeteetan: Reckitt Benkisser, Muebles Justo Zorrilla, Muebles Leitab, Muebles Encartaciones, Conlape, Intraplas eta beste hainbat. Beste batzuren geroa zalantzan dago: Thyssenkrupp, Pastguren, Fabio Murga eta Mondirena kasu. Lan taldea erdira murriztu dutenak ere hainbat dira.

ELAk emandako datuen arabera, 2009 hasieran 1.098 pertsonak zeukaten enplegua erregulatzeko espedientea. Jada bi mila pertsona daudela lanpostua zuzenean galtzeko zorian zehaztu du, eta beste 1.800 pertsonak zeharka gal dezakete. Enkarterriko enplegu zerbitzu publikoek diote bost urtean langabezia %54,3 igo dela eskualdean.



Thyssenkruppeko beharginek auto ilara egin dute enpresa ez ixteko eskatzeko

Hogei auto inguru bildu, pankartekin estali eta Bilbo zeharkatu zuten Thyssenkruppeko langileek atzo. Helburua: lantegia ez ixteko eskatzea. 13:00 inguruan, Lan Sailaren egoitza aurrean geldituta ere egon ziren, errepidea bi norantzetan itxiz. Ez zuten, ordea, oztopo handirik eragin. Ekainean iragarri zuen Thyssenkruppek Alonsotegiko lantegia ixteko asmoa. Ordutik etengabekoak izan dira beharginen protestak. Haietako batzuk hemeretzi egun ere badaramatzate herriko udaletxean itxita. Protesten eraginez, aste honetan itxi ere egin du lantegia zuzendaritzak «sabotajeengatik». Astelehenetik ez dute zabaldu. Lan Saileko ordezkariak han izan ziren atzo, langileen ordezkariekin batera. ELAren esanetan, bisitak balio izan du Thyssenkruppen emandako segurtasun falta arrazoiak gezurtatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.