Daewoo: zorigaiztoko ikurra

Daewooren lantegi bat Gasteizen paratzeko akordioak ilusio handia piztu zuen, baina sekula ez ditu bete iragarritako helburuakProiektu errentagarria dela defendatu, eta dosierra ez onartzeko eskatu dute langileek

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Berriro ere industria lehiakorra eraikitzeko erronkaren mugarria izan behar zuen. Ikurra. Hego Koreako multinazional erraldoi bat, Daewoo, Europan negozioa nola zabaldu aztertzen ari zen, eta Eusko Jaurlaritzak ahalegin guztiak egin zituen konpainia erakartzeko. Azkenean, Arabako hiriburuan lantegi bat jartzeko erabakiak garaipen kutsua izan zuen orduko agintari politikoentzat. Ondo erabilitako diplomazia, diru laguntza eta politika fiskalaren erakusle izan behar zuen. Haatik, hamabost urte igaro dira ordudanik, eta Daewooren ametsak ez du sekula piztu zuen ilusioaren adinako emaitzarik lortu.

Orain, Gasteizko lantegia kinka larrian dago. Oporren ondotik beharrera itzultzea espero zuten langileek, baina horren ordez 147 lanpostu behin betiko deusezteko eskaera aurkitu dute. Honezkero enpresak biltegiak hustu dituela ikusi dute. Ez da azken urratsa izango. Kaleratzeak baimentzen badira, lantokiak ez du etorkizunik. Jarduera eten eta ateak itxi beharko ditu betiko.

Giroa oso bestelakoa zen 1996ko martxoan. Espekulazio askoren ondoren, Daewooren elektronika atalaren lantegi bat Euskal Herrira ekartzeko akordioa sinatu zuten konpainiako arduradunek Jose Antonio Ardanza garaiko lehendakariarekin. Multinazionalaren «konfiantza» goratu zuen Ardanzak. Konpromisoa indartzeko asmoz, urte bereko maiatzean konpainiak Hego Korean duen egoitza nagusia bisitatuko zuen lehendakariak.

Ekonomiaren eta enpleguaren egoera ez zen erraza. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan langabezia tasak %23 gainditu zuen, batez beste, 1996 urtean. Birmoldaketa gogorrek Euskal Herriko iragan industrialeko harribitxiak hondoratu zituzten gupidarik gabe. Egoerari buelta ematea zen administrazioen lehentasuna, eta inbertsioak lortzeko era guztietako erraztasunak eskaini nahi zizkieten enpresei, bereziki arlo fiskalean, aurrera begira ustekabeko ondorio txarrak izango zituen erabakia.

Nazioarteko konpainia indartsu bat traktore gisa erabili nahi zuen Jaurlaritzak. Izen eta zurrumurru ugari zabaldu ziren — aeronautikako McDonell Douglas edo Volskwagen, Lopez Arriortuaren eskutik —, baina egiazko lehen emaitza Daewoo izan zen. 1995ean Europako Hegoaldean 186 milioi euroko inbertsioak iragarri zituenetik jopuntuan zuten euskal erakundeek. Lehia estua izan zen oso. Nafarroako Gobernua ere ahalegindu zen, baita Katalunia, Murtzia eta Aragoikoak ere. Azken erabakia hartzeko uneak 1996ko Espainiako hauteskunde kanpainarekin bat egin zuen, eta Daewoo uxatzeko asmoz ETAren indarkeria erabiltzen ari ziren «interesak» salatu zituen EAJk.

Azkenean ustezko presioak gainditu zituen Arabako hautagaitzak, eta multinazionalak bere proiektua aurkeztu zuen. Gasteizen hozkailuak egingo zituen, eta horretarako 71 milioi euroko inbertsioa iragarri zituen hiru urterako. Epe hori gaindituta, 412 lanpostu sortuko ziren, hasieran 150 baino izango ez ziren arren. Lantegia jartzeko 100.000 metro koadroko orubea erosi zion GILSA sozietate publikoari.

Etorkizuna are hobea izatea espero zuten. Urtean 80.000 hozkailu egiten hasiko ziren, baina 500.000 ekoiztera iritsiko zirela kalkulatu zuen zuzendaritzak, eta horretarako 700 behargin beharko zituzten. Beste 250.000 metro koadroko orubea gordetzea ere eskatu zieten erakundeei, bestelako inbertsio batzuetara begira. Baikortasun horri zuhurtziarekin erantzun zioten beste batzuk. Etxetresnen sektorea oso heldua zen Europan, eta lehiakide handiak izango zituzten.

Laguntza oparoak agindu zizkioten Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak Daewoori. Bederatzi hilabetez orubea ordaindu zioten, lantegia eraikitzen ari zen bitartean. Orubearen prezioa ere merke atera zitzaion: 24 euro metro koadro bakoitzeko. Industria Sailak, Ekimen programaren baitan, inbertsioaren %25 ordainduko zion, 17 milioi eurotik gora. Aldundiak, era berean, inbertsioaren %45eko kreditu fiskala emango zion, eta irabaziak zituen lehen lau urteetan Sozietate Zergaren parte handi bat ordaintzetik salbuetsiko zuen, opor fiskalak izena hartuko zuen neurriaren bidez.

Brusela begira ari da

Daewook jaso zuen babes publikoak haserrea piztu zuen sektoreko beste enpresa batzuetan. Azkenik, etxetresna elektrikoen ekoizleen patronalak, ANFELek, salaketa jarri zuen Europako Batzordean. Lehia komisarioak, Karel Van Miertek, aintzat hartu zuen, eta ikerketa abiatu zuen. Horri jarraituz, 1999ko otsailean multinazionalari emandako pizgarri eta diruaren parte bat «estatu laguntzak» zirela ondorioztatu zuen Bruselak, eta, hori dela eta, ez zetozela bat Europako Batasuneko Itunarekin.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak Ekimen programaren bidez emandako diru laguntza gehiegizkoa zela ondorioztatu zuen, eta aldundiak erabilitako bi kenkari fiskalak ere legez kanpokotzat jo zituen. Halaber, orubea erosteko emandako erraztasunak legez kanpo utzi zituen. Ebazpenean laguntzen parte bat itzuli beharko zuela jakinarazi zion enpresari: 3,95 milioi euro. Beste 30 milioi ezingo zituen kobratu.

Epaiak lurrikara politikoa eragin zuen. Eduki zehatzak baino gehiago, irekitzen ari zen bideak zabaldu zuen kezka. Bi arau fiskal legez kanpo jotzeak euskal erakundeen burujabetza fiskala auzitan jarriko ote zuen ikusgai zegoen. Eta hala gertatu zen: hilabete bat igarota Ramondin enpresari emandako laguntzak ikertzeari ekin zion EBk. Ondoren, zalantzan jarritako arau fiskalak globalean jazartzeari ekin zion.

Daewootik hasita, orain gutxi arte iraun duen gatazka fiskal luzean borrokatu dira euskal erakundeak Europako Justiziarekin. Bidean Europak Kontzertu Ekonomikoa aitortzea lortu dute, baina enpresak erakartzeko asmoz eraiki ziren kenkari fiskal oparoen egitura goitik behera baliogabetu dute epaileek. Ez ziren sekula legezkoak izan. Helegite guztiak agortu dituzte Jaurlaritzak eta aldundiek, emaitzarik gabe. Orain, enpresa guztiek legez kanpo jaso zuten dirua itzuli duten egiaztatu nahi du Bruselak, eta milioi askoko isuna ordaindu behar izateko arriskua dute aldundiek.

Lan baldintza kaskarrak

Laguntzen auziak eztanda egin zuenerako Daewook berak nahiko buruhauste bazituen. Asiako finantza krisiari jarraituz, multinazionala amildu zen, zorpetze maila ikaragarria pilatu ondoren. 1999an porrot egin zuen, eta negozio ezberdinak zatitu eta banatu ziren. Gasteizko lantegia kudeatzen zuen atalak, Daewoo Electronicsek, AEBetako inbertsio banku baten eskuetan amaitu zuen.

Arabako lantokian ere ez zen giro. Enpresa zabaldu zenean langile guztiak praktiketako kontratuekin aritu ziren bi urtez, 360 euro inguruko soldatekin. Laster lehen greba egin zuten baldintzak hobetzea exijitzeko. Ez zen azkena izan: 1999ko abuztua eta urria bitartean lanuzte mugagabea egin zuten, itun berriarekin soldata handiagoak exijitzeko. Akordio batek itxi zuen lan gatazka luzea.

Enpresak erakunde publikoekin zuen harremana hoztu zen. Industria Sailarekin hitzartutako enplegua eta inbertsioaren erdia baino gutxiago bete zituen (200 lanpostutik behera eta 30 milioiko inbertsioa). Hori dela eta, 1,8 milioi euro bueltatu beharko zituela jakinarazi zion enpresari.

Orain ere Jaurlaritzak izango du erregulazioaren inguruko azken hitza. Lantegia «errentagarria eta bideragarria» dela defendatu zuten atzo langileek agerraldi publiko batean. Dosierrak ez duela inolako oinarririk uste dute, eta atzera botatzeko galdegin diote gobernuari. Eskaeraren azterketa «bereziki zorrotza» agindu du Lan Sailak. Bestalde, Bilduk azalpenak eskatu dizkio De Andres ahaldun nagusi berriari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.