Gasteizko Daewoo Electronics-Demesako 200 langileek kolokan ikusten dute etorkizuna. Koreako multinazional horrek Jundizko industrialdean duen lantegia itxi nahi duela uste dute, urtea bukatu aurretik gainera. Enpresak ez die ezer jakinarazi, baina zuzendaritzak azken asteetan hartu dituen erabakiek uste hori indartu dutela diote. Horiek hala, argi jokatzeko, dituen asmoak azaltzeko eta langileen eskubideak errespetatzeko eskatu diete konpainiaren arduradunei.
Gasteizko lantegian A mailako energia eraginkortasuna duten konbi hozkailuak fabrikatzen dituzte. Duela hamahiru urte hasi ziren horretan, baina aurki utzi beharko diote egiteari, 2012ko ekainetik aurrera ezingo baita A mailako gailurik merkaturatu Europako Batasuneko herrialdeetan. Energia efizientzia handiagoa duten modeloekin ordezkatu beharko dituzte, A+ eta A++ mailatako gailuekin. Horrek, ekoizpenean aldaketak egitea eskatzen du, moldeetan eta ingeniaritzan inbertsioak egitea. Langileen ordezkarien arabera, ordea, konpainiak ez du horretarako asmorik. «Hego Koreako lantegian hasi dira gure modeloa ordezkatuko duen hozkailu berria egiten». Langileek oso larritzat jo dute hori, «eredu berria Europan bakarrik merkaturatuko duelako, eta ez Asian».
Langileen batzordeak prentsa ohar batean jakinarazi duenez, Arabako lantegia oso egoera zailean dago. «Kontratuak hautsi eta jarduera eteteko erregulazio dosier batera kondenatuak gaude». Enpresaren arduradunek, ordea, oraingoz ez diete inolako argibiderik eman langileei. «Orain gutxi, ekoizteko behar-beharrezkoak ditugun hainbat material eta osagai biltegitik ateratzeko agindu zigun, stock-ak hutsean uzteko». Horregatik, uda ostean ekoizpena eteteko aginduko duela uste du langileek. «Itxura denez, Koreako fabrikako lanpostuei eustea erabaki du Daewook, eta Gasteizko fabrika hiltzen uztea, egunetik egunera merkatu txikiagoa duelako».
Langileen ordezkarien irudiko «agonia hau da amorragarriena». Jundizko lan taldeak urtebete darama lana erregulatzeko dosier baten mende, «eta enpresak ez du egoera hobetzeko mugimendu txikienik egin». Gero eta egun gehiagotan geratu behar izaten dute etxean, gero eta gutxiago saltzen dutenez, gero eta gutxiagoekoitzi behar dutelako. «Eta badakigu egoerak ez duela hobera egingo, A+ modeloa hemen fabrikatzea erabakitzen ez badute behintzat». Baina errealistak dira, eta ez dute itxaropen faltsurik egin nahi. Hozkailu berria Jundizen fabrikatzea ia ezinezkoa dela diote.
Etsita daude, eta haserre, multinazionalaren arduradunen jokabidea onartezina dela uste dutelako. «Irudipena dugu langabezian gauden egunekin gure fabrikaren itxiera finantzatzen ari garela, eta hori bidegabea da». Langileek behin eta berriz eskatu diote informazioa enpresako zuzendaritzari, baina hark ez die inolako azalpenik eman. «Ekintzak ukaezinak dira, ordea: gero eta gutxiago ekoizten dugu, biltegia ia hutsik dugu eta gero eta gehiagotan gelditu behar izaten dugu etxean».
Argi dute Daewooren asmoa lantegia ixtea dela. «Baina langileok ez gaude ados erabaki horrekin. Oso produktibitate altua dugu, hozkailuak ekoizten dituen beste edozein fabrikak baino altuagoa. Ekoizpen kostuak, berriz, oso txikiak dira eta instalazioak modernoak eta puntakoak, 10 urte pasatxo besterik ez dituztelako».
Ahaleginak ahalegin, langileek badakite multinazionalak hartzen duen erabakia «irentsi» beharko dutela. Horregatik, argi jokatzeko eskatu diote, informazioa emateko eta enpresa ixteko asmoa badu lehenbailehen jakinarazteko. Hala izatera, irtenbide ekonomiko duin bat eskatuko diote konpainiari, «eta ez dugu onartuko esatea egoera ekonomiko zailean dagoela, badakigulako etxetresnak saltzen jarraitzen duela eta badakigulako koreako lantegian inbertsioak egin berri dituela».
Mercedesen, hitz egiteko prest
Herenegun, hedabideetara igorritako prentsa ohar baten bidez, Gasteizko Mercedeseko zuzendaritzak berriz lan ituna negoziatzen hastea proposatu zien langileen ordezkariei. Lantegiaren etorkizuna bermatuko duen VS20 furgoneta ereduaren ekoizpena hartzeko beharrezko aldaketak hitzartu behar dituzte lantegiaren eta langileen arduradunek, eta zuzendaritzaren arabera garrantzitsua da ahalik eta akordiora iristea. Langileen ordezkariek baietz erantzun zioten atzo, elkarrizketei berriz ekiteko prest daudela, baina datozen asteetarako deitutako mobilizazioei eutsi egingo diotela jakinarazi zuten.
Igor Guevara langileen batzordeko ELAko ordezkariak kritikatu egin zuen enpresaren jarrera, berriz negoziatzen hasteko eskaera hedabideen bidez egin izanagatik. Hala ere, hitz egiteko prest daudela adierazi zuen, eta enpresari jakinarazi zion batzordea prest dagoela uztailean eta abuztuan zuzendaritzarekin biltzeko. Biharko eta uztailaren 14rako deitutako mobilizazioak gauzatu egingo dituztela azaldu zuen Guevarak, baina lanuzteak eta langileekin egitekoak ziren batzarra uda osterako utziko dituztela.
Volkswagenek Iruñeko Landaben industrigunean duen lantegian, berriz, enpresaren kontratazio politika salatzeko lau orduko lanuztea egin zuten atzo, LABek eta CGTk deituta. Sindikatu horien esanetan, autogile alemaniarrak Espainiako Lan Ikuskaritzak legez kanpokotzat jotako kontratuak egiten jarraitzen du, eta jokabidez aldatu ezean mobilizazioekin jarraituko dutela jakinarazi zuten.
Daewook Gasteizko lantegia itxi nahi duela uste dute langileek
Urtebete barru merkatutik kenduko dute Jundizen ekoizten duten hozkailu eredua; Korean hasi dira haren ordezkoa fabrikatzenBerriz lan ituna negoziatzen hasteko prest daude Mercedeseko langileen ordezkariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu