Daewooren dosierrak plan sozialik ez duela salatu dute langileek

Gaur Bildurekin elkartuko dira, bihar enpresarekin eta etzi Jaurlaritzako Industria Sailarekin

Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Enplegua erregulatzeko dosierra ez onartzeko eskatu diote Gasteizko Daewooko langileek Eusko Jaurlaritzari, bi arrazoirengatik: alde batetik, langileen esanetan, dosierrak ez daukalako ganorazko plan sozialik, langileak beste enpresa batzuetan kokatzeko neurririk; bestetik, enpresak ez dituelako azaldu ustezko arazo ekonomikoak. Dosierraren hilabeteko kontsulta epea bertan behera uzteko eskatu diote Lan Sailari, beharrezko baldintzak betetzen ez dituelako.

Langileen ordezkariak enpresako Giza Baliabideetako Zuzendaritzarekin bildu ziren atzo. Bi aldeen arteko bigarren bilera izan zen, Daewoo hozkailu ekoizleak enpresa ixteko eta 147 langileak kaleratzeko asmoa duela jakinarazi zuenetik. Hainbat bilera dituzte datozen egunotan: gaur Gasteizko Udaleko Bilduko ordezkariekin, bihar enpresako zuzendaritzarekin eta etzi Industria Sailarekin. Gaur kontzentrazioa ere egingo dute, Andre Mari Zuriaren plazan, 12:00etan.

Txema Perez enpresa batzordeko idazkariaren esanetan, enpresak ez die agiri ofizialik erakutsi dosierraren arrazoi ekonomikoak zuritzeko. Langileen ordezkariak zehaztu zuen datu batzuk eman dizkietela, baina ez direla ofizialak. Datu horien arabera, enpresak urtarrila eta uztaila artean 200.000 euro galdu ditu hilero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.