Arrantza

Dagoeneko 8.000 tonatik gora antxoa harrapatu dituzte

Antxoaren kanpainari "hasiera ona" eman diote Bizkaiko eta Gipuzkoak arrantzaleek

Antxoa, Geariako portuan. JON FERNANDEZ
Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 4a
11:12
Entzun

Urtero bezala, Getariako (Gipuzkoa) Antxoa Eguna baliatu du Eusko Jaurlaritzak antxoa kanpainaren inguruko datuak eta berdelarenak emateko. Antxoaren kanpainak "hasiera ona" izan duela azaldu du Bittor Orozek, Arrantzako sailburuordeak: "Euskadiko arrantzaleek jada 8.000 tona antxoa baino gehiago harrapatu dituzte, kiloko prezioa 1,42 eurokoa izanik batez beste".

Prezioa iazkoa baino apalagoa da (1,78 eurokoa izan zen iaz), baina harrapaketak handiagoak dira (6.000 tona izan ziren iaz). Oraindik hilabete batzuk falta dira arrantzaldia bukatzeko, eta Orozek espero du "kanpaina amaiera arrakastatsua iragarri ahal izatea" .

Berdela, iazkoaren paretsu

Berdelaren kanpainari buruzko datuak ere eman ditu Orozek, behin arrantzaldia amaituta. Aurten 11.000 tona berdel arrantzatu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasontziek, eta batez beste 0,97 euroan saldu dute kiloa. "Harrapaketak iazko ekitaldikoak baino zertxobait gutxiago izan dira, eta batez besteko salmenta perzioa, berriz, pixka bat handiagoa", zehaztu du. Izan ere, iaz 12.800 tona berdel porturatu zituzten, eta batez beste 0.93 eurotan saldu kiloa.

Antxoa kontsumitzeko aholkuak

Antxoak erosteko eta kontsumitzeko aholkuak eman ditu, halaber, Arrantza sailburuordeak, anisakis parasitoarekin arazoak saihesteko. Arrainak tripak kenduta erostea hobetsi du, eta bestela, ahalik eta lasterren norberak kentzea, erraien barrunbea bereziki garbituta.

Gomendatu du, halaber, arraina ondo eginda kontsumitzea. "Labean, txingarretan edo plantxan prestatzen bada, ireki arraina, barrukoa ere 60ºC-tan  egingo dela ziurtatzeko". Arrainak gordinik eta marinatuta jaten badira, eta etxean prestatutakoak badira, aurretik izozteko aholkatu du, hozkailuan gutxienez 24 orduz edukita. "Eta nola prestatu diren ez badakigu, ahal bada ez kontsumitu".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.