Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusiak baieztatu du ez duela bere buruaren hautagaitzarik aurkeztuko idazkari nagusi izateko. Maiatzaren 23an eta 24an egingo du sindikatuak 11. biltzar nagusia, Sendoak, erabilgarriak eta etorkizunarekin lelopean. Casadoren esanetan, barne batasunaren alde egin izan du beti, baina oraingoan ez da posible izan. Izan ere, bi pertsonak jakinarazi dute euren hautagaitza aurkeztuko dutela: Pilar Collantesek eta Raul Arzak.
Hautsak harrotuta dabiltza UGTn. Sindikatuko ordezkaritza bati ez zaio ongi iruditu Collantesek bere hautagaitza aurkeztu izana Casadok jarraitu nahi zuen edo ez jakinarazi aurretik. Hala, sindikatuarekiko eta egungo idazkari nagusiarekiko errespetu falta leporatu diote. Aspalditik da Collantes UGTko kide; besteak beste, ekintza sindikaleko arduraduna izan zen 2009ra arte. Ondoren, Patxi Lopez lehendakari zenean, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasuneko Euskal Erakundeko zuzendari izan zen. Arza, berriz, sindikatuko batzorde exekutiboko kidea da gaur egun: komunikazio eta antolakuntza ardura du.
Biltzarrean 254 delegatuk parte hartuko dute, eta haien botoak erabakiko du nor izango den idazkari nagusi berria. Casadok 11 urte egin ditu karguan. Gaur egun, 40.000 afiliatu inguru ditu UGT-Euskadik.