INDUSTRIA

DAS teknologia garatu du Soralucek, makina-erreminta irauli nahian

Makinen dardararen kalteak saihestea lortu dute, sektoreak betidanik izan duen zama handia. Bideoa: Gorka Rubio / Argazki Press. [Youtube]https://youtu.be/V8Qc_UApJ5k[/Youtube]

xabier martin
2016ko apirilaren 8a
14:12
Entzun

Euskal makina-erremintaren sektoreak munduko liderren lasterketan jarraitzeko beste urrats bat egin berri du. Soraluce kooperatibak (Danobat Group) DAS teknologia (Dynamics Active Stabilizer) garatu du fresatzeko eta mandrinatzeko makinetan eta tornuetan aplikatzeko. I+G ataleko prozesu luze eta konplexu baten ondotik, sistema berriaren bidez irtenbidea eman diote makinek betidanik izan duten oszilazio edo dardararen arazoari.

Teknologia berri hori «inoiz ikusi gabeko aurrerakada» ekartzen ari da makina jakin horien merkatuan, eta, horri esker, Osintxuko enpresak (Bergara, Gipuzkoa) posizioa hobetuko du datozen urteetan. Hala azaldu zuten atzo Soraluceko arduradunek Elgoibarko IK4-Ideko zentro teknologikoan. «Makinak ebakitzeko duen gaitasuna %300 arte handitu daiteke», esan zuen Xabier Mendizabal I+G ataleko arduradunak. DAS sistemaz hornitutako makina baten jarduera erakutsi zuen, teknologiaren abantailak garbi uzteko.

Nahi besteko konplexutasunarekin azaldu ahal da Mondragon taldeko enpresak garatu duen sistemaren funtzioa zein den, baina, labur esateko, DAS teknologiak fresatzaileak eragiten duen oszilazioaren kalteak saihesten ditu. Fresatzeko edo mandrinatzeko makinek marruskadura eragiten dute ekoizten ari diren piezak ukitzean. Makina horien besoak malguak dira; jarduteko angeluak aldatzen dituzte sarritan, eta horrek oszilazio bat eragiten du. Bada, dardara kaltegarri horrek bi ondorio dauzka. Lehena da ekoizten ari den piezak akatsekin ateratzen hasten direla; hori gertatzen denean, makina gelditu egin behar da, eta unean ekoizten ari den pieza jakinera egokitu atzera. Produktibitatean oker nabarmena ekartzen du horrek, noski. Bigarren ondorioa da makina bera kaltetu egiten dela, eta mantentze handia eskatzen duela.

Nazioarteko sarien jabe

DAS sistemak dardara indargabetzen du «era guztietako mekanizazio prozesuetan». Oszilazioa antzeman, eta erantzun zehatza ematen du. «Akzioa-erreakzioa da». Unean-unean behar den kontrapisua egiteko gai da sistema, eta, horri esker, makina ez da geratu behar, bere kabuz egokitzen baita ekoizten ari den pieza jakinera. «Autoen ABS galgatzeko sistemaren analogia erabil daiteke azaltzeko: berdin dio zorua bustita edo lehor dagoen; galgari eragin, eta autoa moteltzen dugu, errepidea labainkor dagoen edo ez kezkatu gabe».

Mendizabalek dio mekanizazio denborak %45 ere murrizten direla DASi esker. Makina horien bidez, sektore eolikoan, nuklearrean eta petrolioarenean osagaiak ekoizten dituzte; adibidez, General Electricek eta Roll Roycek. European Quality Innovation of the Year eta Best of Industry aitortza gorenekin saritu dute berriki DAS, Porche eta Apple gisako enpresek aurkeztutako berrikuntzekin lehiatu ondoren.

Makina-erremintako bere atalean, munduko bost enpresa indartsuenen artean dago Soraluce. Alemaniako merkatuko liderra da —orain arte saldutako 2.500 makinen erdiak han dauzka—, eta Italiakoan erreferente nagusietakoa da. Bere salmenta gehien-gehienak herrialde horietan egiten ditu kooperatibak; ez alferrik, Bimatec Bikaintasun zentroa dauka Alemanian.

Danobat Groupek 260 milioi euroren fakturazioa izan du 2015. urtean. 1.300 langile dauzka mundu zabaleko 20 zentro ingurutan, gehienak bazkideak, eta nazioarteko merkatuan duen leku bikainari eusteko eta, areago, kuota handitzeko tenorean dago orain DAS teknologiari esker —patentatzeko prozesuan dago—. Sistema hori daukaten 50 makina merkaturako bidean dauzka jadanik, batzuk instalatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.