ALTZAIRUGINTZAREN KRISIA

Data zehatzik ez Sestaoko ACB zabaltzeko

Arcelor Mittalekin batzartu ostean, langileen batzordeak iragarri du irailaren 7an edo 9an berrekin dakiokeela lantegiaren martxa, baina multinazionalak segituan gezurtatu du. Jaurlaritzaren diru laguntzak jarri ditu baldintza moduan.

ACBko langileen protesta, ekainean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko abuztuaren 8a
10:30
Entzun

Arcelorrek ez dio egunik jarri nahi Sestaoko ACB (Bizkaia) berriz zabaltzeko aukerari, eta are gehiago tenkatu du bai langileekin eta bai Jaurlaritzarekin dituen desadostasunen soka. Planta berriro irekitzeko datan katramilatu dira gaur. Multinazionalarekin batzartu ondoren, langile batzordeak iragarri du lantegiaren jarduera irailaren 7an edo 9an berreskura daitekeela. Iragarpenak, ordea, ez du luze iraun, multinazionalak segituan gezurtatu baitu. "Jaurlaritzaren babesa da baldintza, eta halakorik ezean ezinezkoa zaigu egunik zehaztea".

Otsailetik plantaren jarduera mugarik gabe etenda badago ere, gaur bukatu zaizkie aurtengo oporrak Sestaoko beharginei, eta 140ri lana erregulatzeko espedientea ezarri diete automatikoki. Bilkura amaituta, langileen batzordeko LABen ordezkari Juan Carlos Matillak azaldu du enpresak zenbait kostu aurreztea lortu duela lur sailaren zati bat logistika enpresa bati alokatuta eta Zamudioko I+G zentroa Sestaoko plantara lekualdatuta. Horri altzairuaren asteotako garestitzea gehituta, beharginek uste dute posible dela lantegia hilabete barru martxan jartzea.

Lantegia saltzeko aukera

Multinazionalaren iturriek, aldiz, berehala baztertu dute bileran lantegia irekitzeko datarik mahaigaineratu izana —"oinarririk gabeko espekulazioak dira"—, eta orain arteko eskaerei eutsi diete. Beste behin, baldintza bakarra jarri dute: erakundeen sostengu ekonomikoa. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza 3,95 milioi eurotik 5,4 milioira arteko laguntzak emateko prest agertu zen uztail amaieran, baina Arcelorri motz geratu zaizkio.

Diru gehiago jasotzeko esperoan segitzen du altzairuaren liderrak, eta eginiko eskariak gogobete arte, lantegiak itxita jarraituko duela berretsi du. Hain justu, asmo horretan atzera egiten ez badu, lantegia saltzeko aukera ireki dezala eskatu dio Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak Arcelorri, betiere lantegiaren geroa bermatzeko "plan industrial irmorik" proposatzeko gai ez bada. Sindikatuak eta enpresako ordezkariak hilaren 22an bilduko dira berriro: ordura arte, aparteko berritasunik ez du espero multinazionalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.