De Andresek dudan jarri du Lopezen gobernuak 2013ko kontuak onartu ahalko dituen

Arabako ahaldun nagusiak ontzat jo du bozak aurreratzea, gobernu «indartsu» bat behar dela argudiatuta

Javier de Andres, Arabako ahaldun nagusia. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak oraindik ez ditu datorren urterako aurrekontuen irizpide orokorrak onartu, eta, beraz, argitaratu gabe daude oraindik. Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak zalantzan jarri du azkenean proiektua aurkeztuko den, edo, aurkeztuta ere, Eusko Legebiltzarrean tramitea gaindituko duen. Haren aburuz, Patxi Lopezek kontuak aurrera atera nahi baditu, oraingo politikan aldaketa «handiak» egin beharko ditu, eta Jaurlaritzak eta PSE-EEk murrizketen aurka duten jarrererakin «kontraesankorra» litzateke.

Lopezen agintaldia azken txanpan sartu da, eta, PPk bizkarra eman zionetik, bere alderdiaren babesa baino ez dauka bermatuta Legebiltzarrean. Hauteskundeetara deitzea lehendakariaren eskumena dela onartuta ere, hauteskundeak aurreratzea ontzat jo zuen De Andresek, zeharka. «Ona litzateke hurrengo aurrekontuetan jada bestelako egonkortasun politiko bat islatzea». PPko buruzagiaren irudiko, gobernu «indartsu» bat eratzeko garaia da.

Zerga bilketaren azken datuek emaitza kezkagarriak utzi dituzte. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek bildutako dirua %2,4 jaitsi da uztaila bitarte, eta nekez iritsiko da aurrekontuak egiteko erabili ziren aurreikuspenak betetzera. Arazoei aurrea hartu ahal izateko, bilketa espero zen baino %6 txikiagoa izateko aukerarekin lanean hastea erabaki zuten orain dela hilabete batzuk Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek. Arabako Foru Aldundiak berak %6 hori aurrezteko neurriak martxan dituela nabarmendu zuen diputatuak, herrialdeko egoera politiko eta ekonomikoa aztertzeko asmoz oporretatik bueltan egin zuen agerraldian.

De Andresen ustez, premiazkoa da Lopezen gobernuak gastua doitzeko neurri gehiago hartzea. «Ezin du ezer gertatuko ez balitz bezala gobernatzen jarraitu. Erabaki batzuk ezin dira atzeratu, kreditu muga gainditu delako».

Arduraz jokatzeko eskatu zion Jaurlaritzari, eta gaur egun duen norabidea errotik aldatzea. «Gastu publikoari eutsita krisia gainditu dela diote, baina argi dago diagnostiko okerra dela. Miraria agintzen duten dieta horien gisakoa da». PPko buruzagiak esan du, halaber, gastuaren eta zorpetzearen erabilerak ez duela ekonomia suspertzea lortu.

Erosotasuna eta kontzertua

«Ez dira agintari politiko bat eroso egoteko garaiak», ohartarazi zuen De Andresek. Jaurlaritzari kargu hartzeko beharra zerga sisteman justifikatu zuen, EAEko erakunde guztiek arriskua partekatzen duten sistema. «Eztabaidatik kanpo dago gastua doitu beharra. Erabaki eta adostu beharrekoa lehentasunak dira».

De Andresen ustez, kontzertu ekonomikoa oso tresna erabilgarria da, «ondo kudeatzen bada». Gaizki kudeatuz gero hartutako arriskua eta ondorio guztiak EAEko erakundeentzat direla gogoratu zuen ahaldun nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.