Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak "lasaitasun mezua" igorri du gaur arratsaldean, arrisku saria eta hamar urterako bonuen errentagarritasuna orain arteko maila gorenera iritsi ondoren. De Guindosek berretsi duenez, Espainiak Europako kideen babesa du.
De Guindos Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentearekin, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordearekin eta Cristobal Montoro Ogasun sailburuarekin bildu da gaur. Gobernuko iturrien arabera, ohiko bilera izan da.
Espainiaren arrisku saria oinarrizko 551,5 puntura heldu da gaur goizean, hamar urterako bonuek %7,002ko errentagarritasuna eskainiz. Horrela, euroa dagoenetik lehenengoz heldu da errentagarritasuna kopuru horretara.
Eguna 540 puntutan hasi du arrisku sariak, eta 10:25ean, %6,9ko errentagarritasuna ematera heldu dira hamar urterako bonuak. Atzo, 529,7 puntuan amaitu zuen eguna.
Atzo, Moody's kalifikazio agentziak hiru koska jaitsi zituen Espainiaren zorraren kalifikazioa, A3tik BAA3ra, hain zuzen —zabor bonutik gertu—.
Agentziaren arabera, erabaki horren arrazoietako batzuk dira Espainiak finantza erakundeentzako erreskatea eskatzea, egoera ekonomiko "ahula" eta finantza merkaturako sarbide "oso mugatua".
Moody'sen erabakiaren ondotik, Amadeu Altafaj Europako Batzordeko bozeramaileak adierazi du Espainiako finantza erakundeei laguntza emateko plana ez dela "porrota", eta gogorarazi du Espainiako eta Europako agintariak "arlo guztietako erabakiekin" ari direla krisiari aurre egiten.