De Guindosek uste du finantza erreformak etxeak merkatuko dituela

Finantza erakundeek etxegintzako aktiboen funts hornidura handiagoak egin beharko dituzte

jakes goikoetxea
2012ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak uste du finantza sistemaren erreformak etxeak merkatu eta maileguak erraztu egingo dituela. Finantza erakundeak orain artean baino askoz ere diru gehiago jartzera behartuko ditu, etxegintzako aktiboen arriskuetatik babesteko. 50.000 milioi euro izango dira guztira, eta urtebete eskas izango dute dirua lortzeko. Horrek zenbait finantza erakunde bat egitera behartuko ditu. Bat egite azkarrak izango dira, iraila amaitu baino lehen onartuta egon behar baitute.

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak gaur onartuko du finantza sistemaren erreformaren lege dekretua. Atzo aurkeztu zuen Luis De Guindos Ekonomia ministroak. Funtsean, finantza sistemari buruzko susmoak uxatu nahi ditu, eta diru merkatu pribatuen aterak ireki nahi dizkie, diru hori herritarrengana iristeko.

Zenbat diru gehiago beharko dute?

Finantza erakundeak behartu egingo dituzte orain baino diru gehiago jartzera, diru kontuetako etxegintzako aktibo arriskutsuei hobeto aurre egin ahal izateko: etxebizitzak, lurzorua... Alde batetik, funts hornidura berezi bat egin beharko dute aktibo horientzat (25.000 milioi euro guztira); bestetik, kapital gehiago ere jarri beharko dute dauzkaten lurzoruengatik (%20 gehiago) eta hasitako etxe sustapenengatik (%15 gehiago).

Hainbat aukera izango dituzte lurzoruagatik eta hasitako etxebizitzengatik eskatutako dirua lortzeko: irabaziak ez banatzea, kapitala handitzea edota produktu bihurgarriak (lehentasunezko parte hartzeak, bonu bihurgarriak...).

Etxegintzako aktibo ez arriskutsuen balizko arriskuei aurre egiteko ere diru gehiago jarri beharko dute. Etxegintzakoak direnez, %7ko funts hornidura eskatuko die, emaitzetako dirutik.

Funts hornidura berezia egiteko eta etxegintzako aktibo ez arriskutsuena egiteko irabaziak erabili beharko dituzte. Horrek arazoak eragingo dizkio finantza erakunde bati baino gehiagori, irabaziak asko argaldu baitira urteotan.

Aktibo horien balioa kalkulatzeko finantza erakundeen diru kontuetan jarritakoa aintzat hartuko dute, ez dituzte tasazio berriak egingo.

Ekonomia Ministerioaren kopuruen arabera, funts hornidura berriekin, batez beste, estalita geratuko dira lurzoruari lotutako aktibo arriskutsuen %80 (orain %31), hasitako etxe sustapenen %65 (orain %27) eta amaitutako sustapenen eta etxeen %35 (orain %25).

Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak urtarrilean emandako datuen arabera, Kutxabankek, batez beste, %35eko estaldura tasa du, «sistemako funts hornidura indize altuena». Zalantzazko aktiboak aktibo guztien %10 dira.

Zenbateko epea izango dute dirua lortzeko?

Hamaika hilabete. Urte amaierarako lortu beharko dute. Bat egiten duten finantza erakundeek eta bat egiteak duela bost hilabete hasi zituztenek urtebete gehiago izango dute, 2013 amaitu arte.

Bat egiten duten finantza erakundeek dirua behar izanez gero, FROB funts publikoari eskatu ahal izango diote. FROBek 6.000 milioi euro gehiago izango ditu, 15.000 milioi euro. Zorra jaulkita lortuko du dirua.

Etxebizitzak merkeago salduko al dituzte?

Hala espero du Espainiako Gobernuak. De Guindosek uste du etxe horiengatik diru gehiago jartzera behartzeak finantza erakundeak bultzatu egingo dituela etxeak merkatuko prezioetara egokitzera eta, beraz, merkeago saltzera.

Ze epe izango dituzte bat egin nahi dutenek?

Lau hilabete izango dituzte bat egiteko proiektuak aurkezteko. Espainiako Gobernuak hilabete baino lehen erabaki beharko du eta erakundeen batzarrek irailaren 30a baino lehen onartu beharko dituzte.

Zer baldintza ezarriko dizkie?

Bat egiten dutenek bi plan aurkeztu beharko dituzte: aginte organoen funtzionamendu plana eta bideragarritasun plana. Mailegu gehiago emateko konpromisoa hartu beharko dute.

De Guindosek argitu zuen orain bat egiteko ez dituztela onartuko Babeserako Sistema Instituzionalak (SIP), fusio hotzak deituak. Hala egin zuten Nafarroako Kutxak Banca Civica sortzeko, eta hala egin dute BBK-k, Kutxak eta Vitalek, Kutxabank sortzeko. Negozioaren parte bat partekatzen dute, bestelako erakunde bat sortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.