Ekonomia

Defentsa abokatuaren arabera, ezin da frogatutzat eman langileen eskubideen aurkako deliturik egon zela

Iruñerriko bost grebalariren aurkako lehen auzi saioa amaitu da, eta pozik atera dira bost auziperatuak. "Gure egia izan da gure froga bakarra", nabarmendu du Imanol Salinasek.

joxerra senar
2013ko apirilaren 24a
17:03
Entzun

Iazko martxoaren 29ko bost grebalariren aurkako epaiketaren lehen auzi saioa egin da gaur. Fiskalak lau urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du haientzat, Estafeta kaleko taberna batean izandako istiluengatik langileen aurkako eskubideak urratu izana leporatuta. Zigor eskaera handia izanagatik, auzi saioaren amaieran pozik atera dira bost auziperatuak Nafarroako Justizia aretotik.

Leire Martin defentsa abokatuaren arabera, bost auziperatuetatik hiru ez ziren Estafetan une horretan, eta hori frogatutzat eman da, eta beste biren kasuan, "ez dute inolaz ere frogatu euren parte hartzea istilu horietan. Aurkeztu dituzten frogak ez dira inondik ere nahikoak". Langileen eskubideen aurkako delitua Zigor Kodean 1977tik jasota dator, baina delitua egon dadin, baldintza batzuk behar dira: taldean egin behar da, mehatxu larria egin behar da, eta, gainera, grebarekin bat egiteko helburuarekin, komertzioak ateak itxi behar ditu. Abokatuaren ustez, fiskalak ezin izan du frogatu hiru baldintza horiek bete zirela, ezta bi auzipetu horiek istiluetan parte hartu zutela ere. "Frogatutzat eman daiteke inongo momentutan ez zirela langilearengana eta arduradunarengana zuzendu grebarekin bat egiteko edo taberna ixteko". Tabernako langileek hala egiaztatu dute epaiketan.

Epaiketa aurretik, fiskalak proposamena luzatu die bost auziperatuei: baldin eta prest baziren mehatxua egin zutela, urtebeteko espetxe zigorra emango zieten eta delitu hori onartuta, kartzeralatzea eragotzi zezaketen. Bostek ez dute onartu eta fiskalak proposamen horrekin banaka onartzeko aukera ere eman du. Nahiz eta bost auziperatuen gain lau urte eta erdiko espetxe zigorraren mehatxua euren gain izan, aurrera egin dute elkarrekin eta ez dute proposamen hori onartu. "Beraiek argi zuten ez zutela ezer egin. Hiru, gainera, ez zeuden Estafetan, eta han egon ziren biek ez zuten inongo koakziorik egin", aipatu du abokatuak. Martinek nabarmendu du, epaiketa hasi denean, hasiera batean atzera botatako lekuko gehienak ere onartu egin dituela epaileak. Garrantzitsutzat jo du bere defentsaren estrategiari begira.

Imanol Salinas auziperatuari fiskalaren hasierako proposamenak "eskemak hautsi" dizkio, fiskalak gaur arte epaiketara joateko eta bostak kondenatzeko borondate irmoa azaldu duelako. "Azken hilabete honetan iritzi aldaketa egon da. Guk ulertzen dugu herri presioa egon dela. Guk, berriz, oso argi genuen gure jarrera eta ez dugu pakturik nahi izan. Gure egia izan da gure froga bakarra".

Elkartasun handia izan dute bost akusatuek. Goizeko 10:00etatik hiru zutabe atera dira Auzitegirantz, Burlatatik, Barañaindik eta Mendillorritik. 11:00etan elkarretaratzea egin dute, sindikatuek deituta. Igor Arroyo LABeko Nafarroako koordinatzaileak epaiketa salatu du "izugarrizko barrabaskeria" delako, eta etorkizuneko grebei begira piketeen eta grebalarien jarduna mugatu nahi duelako PPren gobernuak. Azken finean, fiskalaren ekimena izan da zigor eskaera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.